Aitziber Pz. Karkamo
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Klik egin, klak egin ez dezagun

Gaur emanen zaio hasiera munduan bakarra den ekimenari. Running egitea modan dagoen garaiotan, guk Korrika egiten dugu eta ez genuke sekula ahaztu behar hauxe dela gure identitate propioaren ezaugarrietako bat, inon ez baita egiten, hamaika egunez eta milaka pertsonaren parte hartzearekin, hizkuntza gutxitu baten aldeko antzeko egitasmorik.

Izan ere, jazoera ezohiko eta ikaragarriak jazotzen diren unibertsoaren eremu txiki batean bizitzea egokitu zaigu. Baina inor gutxik hitz egiten du horiei buruz hemendik kanpo, eta hemen nago ni, itxi zuten egunkari baten eta orain ito nahi duten ondorengo hedabide bateko izkina honetatik izkiriatzen, kazetaritzan aritzeagatik irratikide bat epaitua izan eta bi egunera, urtetan komisaldegi barruko eta kanpoko kamerek jaso ez duten inpunitate osoz aritutakoek salatua.

Izan ere, zenbait gauza gurean soilik gertatzen dira, baina gero eta gutxiago hitz egiten da horien inguruan, baita gurean ere.

Kontzientzia hartu eta arduratsu jokatzeko unea da, klik egiteko unea. Korrika bakarra da munduan, euskara den bezala eta, gure unibertso propioa euskarari zor diogun moduan, hizkuntzak bere unibertso propioa behar du bizirauteko, eta hobe da herriak berak biziraupenari eustea, identitatea galdu, klak egin eta betiko hauts egin ez gaitezen.