Camille Laforet
Ambazadako kidea
KOLABORAZIOA

G7 gailurra: borrokak eta alternatibak bateratzearen alde

Iazko urtarrilaren 17an, frantziar Gobernuak Notre-Dame-des-Landesko aireportu proiektua bertan behera utzi zela iragarri zuen. Hamarkadetako erresistentziari esker lortu garaipena izan zen hura.

Hori lortzeko antolaturiko ehunka bilkuretan eta hitzorduetan gauza asko ikasi ditugu denok. Agerturiko estrategia, ideologia eta desadostasun ugariek afera konplexu eta aberatsa bilakatu dute. Garaipena tendentzia edo korronte zehatz bateko inork ezin du bere egin, kolektiboa izan delako. Nekazariek, naturalistek, zadistek... elkarrekin geldiarazi genuen proiektu kapitalista eta klimatizida hori. Gaur, denak ados gara errateko indarren batuketak eta taktiken aniztasunak galgatu dituela aireportuaren aldeko erabakitzaileak.

Urte bereko azaroaren 17an, sare sozialetan, erregaien zergak igotzearen kontra protestatzeko hedaturiko mezu batek bazterrak harrotu zituen. “Jaka hori”-en mugimenduak, ohituraz kanpokoak eta gurpil askean ibilki, botere politikoa krisian jarri du eta epe luzera egituratzen saiatzen dabil. Borroken eta alternatiben bateratzea, azken urteotan hainbat kolektibok eta erakundek plazaratu duten gogoa, leku askotan ageriko beharra bilakatu da eta baseek horretara tiratzen dute.

Aurten, abuztuaren 24tik 26ra, Biarritz ikusgarri ilun baten lekukoa izango da. Macronen gobernantza ekonomiko liberala eta autoritarioa gero eta gutxiago onartua bada ere, azken honek beste sei estatuburu gomitatuko ditu Trump AEBetako liderraren inguruan, liberalismo ekonomikoaren munduko gailurrera. Denek ikusten ditugu hautu politiko horren efektu-hazkundeak dakartzan ondorio suntsigarriak, biztanleen %99entzat, baita planeta osoarentzat ere. Macronek klimari, herrien eskubideei, kapitalismoaren alternatibei, Euskal Herriko borroka independentistari kolpe berria eman nahi die. 15.000 poliziaz inguraturik, berriz ere aurpegira txistu egin nahi digute, guztien ongizatearen alde ari direla sinetsaraziz.

Duela bi urte, Notre-Dame-des-Landes-eko ZADen eta Euskal Herriko kolektibo batzuen arteko loturak sakondu egin dira. Ambazada munduko herri eta borrokak lotzeko etxola eraikitzeko burututako bi urteko auzolan, topaketa eta festek elkar ezagutzea eta laguntzea bideratu dute. Auzolan berria iraganen da laster han, apirilaren 15etik 21era, lauzak eta baldosak jartzeko.

Datorren udan, 3. ediziorako, aste intergalaktikoa Euskal Herrira lekutuko da. ZADen iragan aurreko bi edizioetan, lurralde urrunduetako ehunka lagunek hartu zuten parte, euren dinamika eta proiektuez trukatzeko. Beste hurbilketa batzuk sortu dira geroztik eta, etorkizunean, Ambazada helburu komunak dituzten kolektibo militante eta kulturalei irekitako lekua izanen da, ZADeko gune berezian, nahiz eta iaz kanporatze operazio bortitza jasan eta lurren atxikitzeko traba administratiboak ugaritu.

ZAD beti hor egonen da eta ez dugu abandonatuko; ez ditugu ere gure adiskidantzak ahaztuko. Bertako oihanetik atera armazoi berria prestatzen ari gara Euskal Herrira ekartzeko, eta beste askok bezala, Euskal Herrian G7aren kontra prestatzen ari diren mobilizazioetan parte hartuko dugu. Nahiz eta ETAk armak utzi, errepresioak dirauen herrian, taberna batean gertaturiko liskarra urteetako kartzelatzea bilakatzen delarik, etxetik urrun dauden ehunka preso politikok kondena luzeak pairatzen dituztelarik.

Beraz, aurten, euskal hondartzen hegietara. Datorren urtean itzuliko gara gure ZADera. G7aren kontra, borroken bateratze eta aste intergalaktikoaren alde, zatozte Euskal Herriko indar biziak sostengatzera, abuztuaren 19tik 26ra.