Xabier ETXANIZ ERLE
HAUR ETA GAZTE LITERATURA

Eragozpenen gainetik

Ekaitzaren danbadak belarrietan barrena sartzen zaizkigu. Bada, batzuetan ekaitza usaindu besterik ez da egiten. Zaratarik atera gabe antzeman daiteke hortik zehar. Hori gertatzen zen nire etxean garai hartan». Horrela ekiten dio Lur Gallastegik, Haizea protagonistaren ahotan jarrita, nobela interesgarri honi. Haizeak gurasoen artean dagoen egoera latza komentatzen dio izebari, nola isilik baina trumoia eta tximista bezala ari diren beren artean, haserre, ernegatzen. Egoera horretan Haizearen gurasoak bakoitza bere aldetik joango da oporretara, gogoeta egiteko, distantzia uzteko beren artean. Bitartean, Haizea izeba Eneritzekin egongo da.

Neskatoaren asmoak erabat aldatzen dira izebak adierazten dionean udan beraiekin Saharatik etorritako lagun bat egongo dela. Haizearen adineko neska bat, Souhaila. Basamortuko bero ikaragarritik ihesi, aste batzuk Euskal Herrian igaroko ditu Souhailak; hemengo gauzak, inguruak, janariak… eta baita izeba Eneritzen kariñoa dira Souhaila hona etortzeko arrazoietako batzuk.

Gallastegik ez du ohiko opor trukaketa eta nobela goxo horietakoa eskaintzen; hasieran bertan ikusi ahal izan dugun bezala bizitzak kolore asko ditu eta batzuetan ilunak nagusitzen dira. Bi nesken arteko harremana ez da goxoa, ez behintzat hasiera batean. Biak borrokatzen dira izebaren kariñoagatik, eta adiskidetasun harremana baino gehiago lehiakortasunezkoa dute neskek. Gainera, badirudi Souhailak itzal egiten diola Haizeari gauza askotan.

Nesken arteko istorioa, baina, baliagarria zaigu beste errealitate bat ezagutu dezagun: Marokok Sahara okupatu ondoren, bertakoek basamortuan bizi behar duten egoera. Lur Gallastegiren aurreko obretan beste errealitate batzuk ezagutzeko parada izan dugun bezala, oraingoan nobela honen bidez munduan duela berrogei urte baino gehiagotik dirauen injustiziaren berri ematen digu. Eta hori guztia egiten du argumentua, istorioaren mamia –bi nesken arteko harremana udan– eragotzi gabe, astundu gabe, nobelaren paisaia balitz bezala, baina ikusleren barrena mugiarazten.

IX. Mikel Zarate saria eskuratu zuen egileak obra honegatik, eta aipatu behar da gaiak, hainbat kontu batera agertzeak (Saharako eta hemengo errealitatea, nesken arteko harremana, Haizearen gurasoen egoera, izebaren bizitza…) eta nobelaren egiturak berak (ia hogei kapitulu labur) erraztu egiten dutela irakurketa. Egia da, informazio osagarri moduan Amina, Ahmed, Fatimetou eta Souhailari buruzko orri bateko edo biko kapitulu laburrak ageri direla, antza nobelaren argumentutik at. Baina arestian aipatu bezala osagarriak eta neska saharauiaren bizitza ulertzeko lagungarriak; izan ere, bere gurasoak eta ahizpa ezagututa, azken aldean Souhailari buruzko pasartean nobelan zehar Haizearekin egondako neskatoa hobeto ezagutuko dugu, eta Haizeak hobeto ezagutuko du, testuok izebak ilobari idatziak baitira, Saharako lagunak aurkeztuz: «Souhaila Tindufeko kanpamentuetan jaio zen (…) Souhailak, haurra zenetik, itsasoa ezagutzea izan zuen amets, baina bereziki bere herriko itsasoa, orain arte inoiz ezagutu ez duena. (…) Jaio zenetik oso haur berezia izan da niretzat, jaiotzen ikusi eta lagundu niolako, hain zuzen. Horregatik bururatu zitzaidan Aminari proposatzea udan alaba hona ekartzeko. Berak eta zuk elkar ezagutzea ederra litzateke niretzat eta ziur naiz uda zoragarria igaroko duzuela».

Izebaren nahia, neurri handi batean, ongi betetzen da nahiz eta aurretik, esfortzua eskatzen diguten kontu askorekin gertatzen den bezala, sufritu eta une zailak ere igaro behar dituzten protagonistek.

Saharako itsasoa ez du ezagutuko Souhailak, baina bai Euskal Herrikoa. Guk, berriz, Saharako errealitatea ezagutuko dugu eta hango eta hemengo neska biren arteko udako gorabeherekin gozatu, adiskidetasuna gailentzen baita eragozpen guztien gainetik.