Mikel Aramendi
Kazetaria
JO PUNTUA

Kanguruen epaitegia

Erresuma Batuan Theresa Mayren Gobernua oraindik gehiago zartarazi duen «Williamson afera» urrutitik eta irribarre-puntu batekin jarraitu dugunok bi ondorio behintzat atera ditugu nahiko garbi. Batetik, «Sir Humphrey» existitzen dela oraindik ere; eta berean diharduela. Eta bestetik, kanguruena.

Istorioaren sinopsi laburra, serieari kasurik egin ez diotenentzat: Pazko Astean, astero bezala, bildu zen Downing Streeteko 10.ean Segurtasun Kontseilu Nazionala. Gobernuaren nukleo gogorra. Eztabaidagaia, Huawei konpainia txinatarrari Erresuma Batuko 5G sarean esku hartzen utzi behar ote zaion ala ez. Hainbat ministro (Hunt, Javid, Willliamson...) guztiz aurka zeuden; beste hainbat, alde, baldintzak ezarriz; azkenean, Mayren kalitatezko botoak bigarrenen alde erabaki zuen auzia. Biharamunean dator, ordea, korapiloa: eztabaida eta bozketa zehatz-mehatz argitaratu da “Daily Telegraph” egunkarian. Kontseilukide diren inteligentzia zerbitzuek filtratzailearen lepoa eskatzen dute. Mayk ikerketa abiarazi du berehala, eta bilkuran ziren guztiei sakelako telefonoak kendu eta arakatu zaizkie. Williamsonen mugikorrean, hamabi minutuko solasaldia ageri da DTko kazetari batekin, bilera amaitu eta berehala. Kalera.

Hor agertzen da «Sir Humphrey». 80ko hamarkadan “Yes minister” eta “Yes Prime Minister” telesailak jarraitu zituztenek gogoan izango dute Nigel Hawthornek irudikatzen zuen funtzionario goren, guztijakitun, malapartatu hura. Une honetan sir Mark Sedwill izan behar da Mayren «Humphrey». Hari «suertatu» zaio ikerketa berezi bezain erabakigarria egitea. Eta Williamsonek esaten du harexen konspirazioa dela guztia.

Ez da hor amaitzen Williamsonen ekarpena kasu honetan. «Kanguru-epaitegi batek epaitu nau», ebatzi du. Ingelesez ere ahaztuxea zegoela esamoldea iruditzen zait; inolako bermerik gabe egindako epaiketei esaten zitzaien. Esapidearen sorburua ez dago batere argi. Gure artean inoiz ez da erabili, nik dakidanez.

Seguruenera, Auzitegi Nazionala (lehenago, TOP; lehenago,...) badugulako. Eta kangururik ez. Altsasuko epaitegia.