Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Kantauriko Vatimonakoa

Katalintxu lora ederra, zeu krabelina fina, antzina egin jatan zeuganako mina», kantatzen genuen garai bateko plazetan, artean klima aldaketa zertan zen ez genekiela. Legearen ertzeko jaialdietan eta txapelokerrek zelatatuta kantatu ere. Bada, urteak joan eta urteak etorri, joan batez ere, egunotan berriro pasatu zait burutik kanta hura «zeu Claverina fina …». Ez, ez da erraza izan behar, noiz eta mendeetan XXI.a den honetan, non eta euskal Pirinioetan, zer eta hartza izatea, are gehiago etorkin behartua izanda. Ez, ez da erraza izan behar lurralde berean ardia izatea. Arazoa dago hor, jangalea hiltzeko modu bi, kontrajarriak, bazka ardiak, ardia hartzak. Total, guztiok kexu, laboraria, ardia, hartza eta bazka. Ez, ez da erraza! Baina hori da egun eskuan dugun erronka nagusia, konplexutasuna ganoraz kudeatzea… Gauzak errazak balira, denok jelkide! Amen!

Tira, harira! Ziklo hidrologikoa errazagoa da ulertzen ziklo politikoak baino. Hara kolpea! Ajuria Eneko maizterra haserre, oposizioak oposizioa egiten duelako; Osakidetza gogoan edo. Pintza egiten ei du, edota planto. Hortaz, oposizioa gobernu barruan sartu eta akabo kontua! Hamaika entzuteko gara gero! Aritmetika madarikatua! Aritmetikak mugitzen du politika, eta batzuek ez dituzte gustuko aldagai independenterik duten ekuazioak. Portzierto, UEUko udako ikastaroen matrikula zabalik.

Hauteskunde zikloa. Boto-ontzien artean Europarakoa. EH Bilduk Kantauriko Danimarka aipatu du, garai batean jelkideek leporatzen ziguten Kantauriko Albania haren ifrentzuan. Eurena Kantauriko Vatimonakoa da. Amen! Baina ez ahaztu Mediterraneoa ere bagarela, izan, eta Pirinioak, hartzak eta guzti! Errepublika batzuek, Errauskailua besteek. Errepide-mapa desberdinak, helbide eta helburuetan. Hori jokoan, egunerokoan; hor ez da ziklorik, etengabeko segida baino.