13/05/2019

Reportage
 
«HUTSUNEA ATZEMANDA, ZERGATIK EZ IKUSI NEGOZIORIK BA OTE DEN?»

Bi txirrindularitza zalek afizio gisa martxan jarri zuten 2012an Libros de Ruta argitaletxe eta liburu-denda. Urteekin proiektua hazten joan da, ogibide bilakatuta. Nazioartekotzea eta zuzeneko salmenta indartzea ditu helburu orain.

Maitane ALDANONDO
0513_eko_rutas

Ekitea iraupen luzeko lasterketa da, ideiaren ernamuinak denbora behar du hazi eta fruituak emateko. Su motelean ondutakoa da Libros de Ruta. Txirrindularitzan berezitutako argitaletxea eta online denda kirol horren bi zalek abiarazi zuten 2012an. Hutsune bat nabaritu zuten halako liburuen eskaintzan, eta beraiek betetzea erabaki zuten. Afizio gisa hasi zen, oporraldietan eta lanak uzten zien tarteetan egiten zutena; egun, ordea, ogibide bilakatu da proiektuarekin jarraitzen duen Eneko Garate zarauztarrarentzat. Egindako etapak errepasatu ditu Itzuli Handien lehenaren itzalean.

Garatek enpresa arloko ikasketak eta lan eskarmentua ditu, eta zalea izateaz gain, txirrindularitza profesionalean lan egindakoa da. Gaiari buruzko liburu gehienak ingelesez zirela ikusita, lagun batekin gaztelaniazko itzulpenak eta eduki berriak argitaratzea bururatu zitzaion. Denbora-pasa baino gehiago izan zen sorreratik. «Afizioa zen, baina, era berean, erronka pertsonala. Hutsunea atzemanda, zergatik ez ikusi negoziorik ba al den? Ez zen honetatik bizitzeko», gogoratu du. Ez zuten sosik kobratzen, alderantziz, euren poltsikotik jartzen zuten dirua; baina hasieratik «zerbait duina eta profesionala» egiten saiatu ziren, hainbat zeregin langile autonomoen esku utzita.

2016. urtea inflexio puntua izan zen. Bazkideari bere zatia erosi, eta buru-belarri aritzea erabaki zuen Garatek. Bilbon bizi da gipuzkoarra, eta han du egoitza bere enpresak, zehazki, Bilbao Ekintzak utzitako bulego batean. Erakundeak asmoak paperean jarri eta intuizioak aholkulariekin kontrastatzeko aukera eman zion. Finantzaketa, berriz, bankuei «ideia salduta» lortu zuen. Plana egitea «errazagoa» izan zitzaien, ez baitzen zerotik hasten. «Datu batzuk badituzu, zenbat sal daitekeen, nola, zer nolako harrera izan dezakezun...». Halaber, ediziorako laguntza txiki bat ere izan zuen iaz.

Bakarkako bidearen lehen urratsetako bat, egiteke zituzten zenbait gauza burutzea izan zen; «itxurazko katalogo bat» prestatzea, kasu. Halaber, ekoizpena handitzeko xedez maketazio eta diseinu lanetarako pertsona bat kontratatu zuen. Une horretan «bertigoa» nabaritu zuela dio Garatek. Izan ere, epe eta salmentei dagokienez, «bestelako presioa» du, bezero nahiz hornitzaileekiko konpromisoa aldatu baita.

 

Ekoizpen mugatua

Argitaletxea ez ezik, Libros de Ruta txirrindularitzari buruzko online liburu-denda ere bada. Bigarren negozio ildo hori geroago heldu zen, ekoizpenak merkaturatzeko zailtasunak zituztela ikustean. Bertan, 20 erreferentzia propiorekin batera, beste 700dik gora dituzte. Urtean sei-zortzi lan kaleratzen dituzte, nagusiki udako oporraldiaren eta Eguberriaren bueltan, orduan saltzen baitute gehien. Tirada txikiak dira, 1.000-2.000 alekoak. Esku artean, “Pedaleando en el infierno” 2000ko lehen hamarkadako Estatuko txirrindularitzari buruzko fikzio nobela, eta bi itzulpen ditu: “Tres semanas, ocho segundos”, zortzi segundoko aldean erabaki zen duela 30 urteko Frantziako Itzuliaren kronika, eta “El ciclista secreto”, tropel barruko gorabeheren kontakizuna jardunean den txirrindulari batek anonimoki idatzia.

Batik bat, Estatuan saltzen du; nazioartean, berriz, 30 herrialde baino gehiagotan, baina «ez asko, %5». Kolonbian banatzaile txiki bat dute, eta Mexiko nahiz Argentinan ere eduki nahi dute. Hori da aurtengo helburuetako bat. Herrialde horietan bereziki, eta, oro har, Hego Amerikan harrera ona izan dezaketela uste du Garatek; logistika, ordea, ez da erraza. «Webgunea da merkatu azterketa onena. Askotan hango jendea erregistratzen da, baina orgatxoa abandonatzen dute, bidalketa gastuak garestiagoak direlako». Beste erronketako bat argitaratzen dituzten liburuen salmenta zuzena indartzea da, banatzaile zein liburu-dendekin harremana «korapilatsua» baita. Horrez gain, beste kirolei buruzko LDR Sport atalari bultzada eman nahi diote. Argitaletxea sendotzeko sortu zuten, baina arduradunak aitortu du lehen liburua ez zela «espero bezain ondo atera», eta buelta bat eman nahi diote.

Oraindik ere egiteko asko dutela dio Garatek; besteak beste, ezagutarazteko. Hala, zale gisa ikusten dituen lasterketak marketinerako ere baliatzen ditu: irabazlearen edo nabarmendu den txirrindulari baten liburua badu, sare sozialetan zoriondu eta dendarako esteka jartzen du. Giroak horretarako aukera gutxi emango dio, ordea. Ez bada gomendatzeko izarren biografiaren bat, «Gino Bartali, Marco Pantani edo Fausto Coppi, euskaraz bada bat Raul Perezek idatzia», edo El Afilador bilduma, irudietan ikus daitekeen zaletasun sutsuari buruz Ander Izagirrek idatzitako erreportaje pare bat daukana.