Ane URKIRI ANSOLA
ESKUBALOIA - BERA BERA

Hamaikagarren urtea beteko du Menendezek

Alba Menendezek beste urte betez berritu du hitzarmena Bera Berarekin eta datorren denboraldia bere hamaikagarrena izango da. Kapitainak ziurtatu du ez duela zalantza egin sinatzerako orduan. «Profesionala eta etxekoa, gipuzkoarra, den heinean erreferente da bat da Alba (Menendez)», adierazi zuen Tati Garmendiak, Bera Bera eskubaloi taldeko arduradunak.

17 urterekin heldu zen Alba Menendez Bera Berara (2009/10 denboraldian), eta Garmendiarekin kointziditu zuen bere azken denboraldian. «Heldu nintzenean pazientzia izugarria eduki zuen niregan eta uste dut zerbait ikasi dudala», azaldu du barre artean zarauztarrak.

Taldeko kapitaina da orain eta duela hamar urte heldu zenean ikasteke gauza asko zituela onartzen du. Klubak erakusten dion konfiantzak segurtasuna helarazten diola gaineratu du, «eta hori jokatzerako garaian igartzen dela uste dut». «Asko eskertzen diot klubari eta espero dut urte askoan bi aldeak elkar sinesten jarraitzea», nabarmendu du.

Ziurtatu du ez duela gehiegi pentsatu behar izan sinatzerako garaian, «oso erraz» iritsi direla akordiora eta beraz ez dela pentsatzen jarri beste eskaintza batzuetan: «Oso argi nuen beste urte bete hemen jarraitu nahi nuela». Gainera zehaztu du hurrengo urtean ere erronka berdinak izango dituztela –Liga, Kopa, Superkopa eta Europako txapelketa– eta garaikur guztiengatik borrokatzeak eta Europan urrats bat gehiago emateko helburua motibazio iturri garrantzitsuak direla defendatu du.

Azurmendi eta Berasategi

Asteazkenean Nora Azurmendi zein Estitxu Berasategik jakinarazi zuten ez dutela jarraituko hurrengo denboraldian. Hauekin, oraingoz bost dira hurrengo ikasturtera begira jarraituko ez duten jokalariak.