Mikel Aramendi
Kazetaria
JO

Lehen eguna izan ohi da hoberena

Lehen eguna izan ohi da hoberena Ekialde Ertainean gerra bat hasten duenarentzat; handik aurrera, planak zirpiltzen joaten dira, aurreikusteko gai izan ez diren arriskuen armiarma-sarean katramilatu ahala», idazten zuen lehengoan inguru hartaz P. Cockburnek, «gure» Mendebaldeari geratzen zaion begirale estimagarriena izan daitekeenak.

Estatu Batuek Irani erasotzeko izan dezaketen asmo/tentaldiari buruz ari zen, jakina. Aurreko lau aldietan (Libanon 1982an; Irak eta Iranen arteko gerran, 1980-1988an; Irakeko gerran, 2003-2011n; eta Siriako gerran, 2011-2019an) zer gertatu den gogorarazten zuen. Bosgarren aldia izan daitekeenaren atarian egon gintezkeelakoan edo.

Ez dakit. Egia da faktore-metaketa lehergarria eratu dela, berriro ere, eskualdean. Alde batetik, hain zuzen Cockburnek aipatzen zituen lau aurrekariak, garaile berberarekin lauretan: Iran, maila batean edo bestean. Bestetik, Iranen hegemonia-mailadi hori arrisku existentzialtzat jotzen duten bi: Israel eta Saudi Arabia, gero eta aliantza garbiagoan. Eta hirugarrenik, kaos estrategikoan murgiltzen ari den munduko lehen potentzia, aurreko lau aldietan hasierako egunetako gozotasunaren ondoren inoiz garaipen bat lortu ez duen Bolton bezalakoen esanera... Etxe Zoroaren txio batek kontrakoa esaten ez badu.

Estatu-kolpeak ez ezik gerrak ere Twitterrez egiteko garaia heldu dela ebatzi baitute, antza, batzuek. “Abraham Lincoln” hegazkin-ontziaren inguruko zalaparta (mediatikoa, batez ere) nekez uler daiteke beste inola. Apirilean Persiar golkotik joan zen “John C. Stennis”-en (bere bikiaren) ordezkapena egitera joan denaren inguruan, argazki batzuk lagun, kinka-giroa sutu da... datuek kontrakoa adierazten dutenean.

Datuek esaten dute eraso-armada hori, besterik gabe, ez dela gai Iranen aurkako eraso serio bat burutzeko. Eta Persiar golkoan sartuz gero, ezta eraso puntual «kirurgikorik» egiteko ere, bertan betiko geratzeko arriskuan jarri nahi ez badu, behintzat.

Lehen eguna ere ez da oso ona oraingoan.

Tout sur JO