Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Ozeanoa zeru-goian

Kanpaina ofiziala amaituta kanpainan segitzen dugu; botoarena ez bada, bada antxoarena, naturalagoa dela. Ama, ama!, zenbat gauza ez ote diren kanpainan esaten! Hauxe Giroa! Batzuei txiza lagina hartu eta analizatu beharko litzaieke gauean hotelera heldutakoan. Emaitzak eskuan, seguru odoleko dena ez dela lurrak emana. Horra, Ajuriaeneko maizterrak lehengoan bota zuena, berak “gauza daitekeen utopia” defendatzen duela. Harrapa ezan/k! Nago ni, utopia gauzatu aurretik utopia zein den argitu behar dela, eta utopiarako bidea bera, eta bidaideak... Gauzatzea, azken finean, gauzatu nahi dutenen apustua da, eta horretarako gauza izan behar da! 1979ko Gernikako hura gogoan…

Utopia Enekoarenaz aparte, horra talde bereko baten ateraldia, hots, eurak “bizi asegurua” direla. Harrapa ezan/k hori ere! Aseguru-etxeak seguru urduritu direla horrezkero, seguru. Uraz oroitu naiz segituan; ura bizigaia da… Hala ere, jende asko itota hiltzen da, Mediterraneoko kanposantuan, kasuko; “barnesantuan” esan beharko kasu honetan, handik ez baitira ateratzen, atera egiten dituzte, gorpu. Ez hilerria, ez hilarria, “hilura” baino ez!

Atzo gogoeta egin nuen, aspaldiko partez horretarako patxada izanda. Ateraldi moduko mezurik ez, belarrietako ezkoa beraztuta... Zera pentsatu nuen: tira, Julen, harira! Egizu gogoeta! 5G krisiaren aurrean zer diozu? Eta burua bor-bor jarrita zera: 5G hori berandu dator, abuztuan Biarritzen 7G izango da-eta, gailurrean gainera! Eta gailurra esanda gogora etorri zait hangoek Chomolungma dioten zortzimilakoaren gaineko estugunean egunotan izan den jendetza, errenkan eta erronkan, elurreko pinu-beldar transgenikoa bailitzan. Ene, ene! Plastiko-ozeanoa zeru-goian; ez da harritzekoa gero hango harrietan itsaso-fosilak egotea. Plastikoak batzen ditu itsasoak eta lurrak…