Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Zaharkuntza 4.0

Bada hori, udan udakoa eta solstizioan solstiziokoa. Hara! Hasia da egunez eguzkitan egoteko kostaldeko harearen eskubidea urratua izaten, bizion oinek guztiz hartzen dugu-eta… «Ots, ots, bizion oinok» zioen kantak; eta hasiak dira olatuak ohi baino lehenago apurtzen, gorputzen kontra apurtu ere, oinok goialdean dauzkaten gorputzak. Eta udarekin batera jazzaldiak hor-hemen, nonbait neguan tronpeta jotzea debekatua balitz bezala. Tira, udaren harira! Aitor dut, ez zait erraza egiten: NAIZ Tourreko zerrenda agertzear da eta dagoeneko tropeleko hainbat ziklista ezagun deika hasi zaizkit mesedez eurak ez hartzeko erregu egiten. Ulertzekoa dut euren beldurra, neuk hartutako gehienak ez baitira normalean lehenengo astetik pasatzen…

Eta solstizioan solstiziokoa. Hortaz, eguna laburtzen hasia dela hasita nago igartzen, eta gaua luzatzen, halabeharrez. Ekonomiak nire moduko igarleak izango balitu sikiera, gaitz erdi! Benetako gaitza ohiko ekonomia bada ere. Total, sanjoanak edonon. Imajinatzen nago garai hartako balizko akelarre haiena! Su inguruan saltoka, edabea eskutik eskura dantzan, irrintzika basajaunak eta basandereak, aker beltza aker-landan, sorginak gurpilean, batzuk adarra jo, doinuz, eta inkisidoreak adarrak jotzen distantziatik, trikitilariek gaua alaitzen zutela… Zoritxarrez geratu den ia bakarra inkisidoreak dira… eta meza nagusia! Mon Dieu!

Baina bada udaren hasiera honetan sasoiari lotua ez dena. Horra, kasuko, Europar Batzordeak atera berri duen txosten horrena, non jasotzen den Euskal Herriak berrikuntzaren aldeko apustuan behera egin duela azken boladan. Gasteizeko Legebiltzarreko estatus berrirako batzorde horrena etorri zait gogora. Estatua, estatusa, estatutua… berriari beldur, zaharra nagusi. Zaharkuntza 4.0. Ama, ama! Batzuen pentsaera estuagoa da Ormuz horrena baino! Sorginak behar!