Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Orratzetan hegoa

Bada bai, muturreko tenperaturak izan ditugu egun hauetan, barnealdean bezala kostaldean ere. Bero sapa eta itsaskorra. Lamada han-hemen, eta hor ere. Berrogei graduko langaren bueltan ibili da merkurioa, itzalaren zain. Noizko termometroak gerizpean? Nonbait Afrikatik etorria den aire masak ekarri du beroa. Ulertzekoa da hango lagunek handik alde egin nahi izatea, non edo non baina biztanle behintzat izateko nahiak bultzatuta. Ulertzekoa ere itsasoa zeharkatzen saiatu nahi hori, eta ez freskatzeko prezisamente; askotan gorputza sartu kosta batean eta gorpu agertu bestean, eta kosta bien artean, plastikoa nagusi. Klimaren beroa eta lurraren egarria zoritxarreko gobernuen bidaide direnean…

.eus! Ez dakit Afrika horretan etorkizunik izango ote den, baina oraingorik sikiera ez ei da. Berdin da planetako goiko bilkuretan, G20an izan, G7an izan edo G007an izan, zenbaki handiek zer dioten, baina planetan gaurko Afrika den bitartean eguzki sisteman lekurik merezi ez duen planeta da gurea. Eta kontuak atera, ez daukagu beste espaziorik, transgenikoa balitz ere! Planetan mundu asko eta askotarikoak dira, eta mundu guztiak maila berean ez diren bitartean… Beti pentsatu dut hirugarrena esaten dugun mundu horren arazo nagusia lehena esaten dugun honena dela. Burua aldatu behar dugu, bai, baina lepoa bera ere bai, hura lehengo lepotik egon ez dadin. Eta aldatzen hasita, iparrorratza ere aldatu behar, eta hego-orratz hartu lanabes!

.eus! Tira, berotik harago, udaren harira! Euliak nonahi, espezie udatiarra hau ere. Dzast! Eta jaiak nonahi, festetan blai! Eta harrotasunean harro, pertsonak, nortasun agiriak dioen generotik harago. Armairua neguko arroparako utzita. Iparrean zein hegoan. Kosta ahala kosta, hondartzak barnealdean izan arte! Eta itsasoko ura freskatzeko baino ez!