Pello Zabala
Eguraldian aditua
AZKEN PUNTUA

Noiztik hik eguraldia?

Honetantxe bildu nahi nizkizueke, eguraldi kontuei buruz behin eta berriz, plazoleta aldera irtenez gero, botatzen dizkidaten galderak. Kontu asko izango ditut hainbeste urtetan esanda, baina ez dira gutxi gogorarazten dizkidatenak.

Bai, erantzun normal batekin konformatzen denik bada; latosorik ere bai, ordea. Nolanahi ere, euskal irratia hasi zenetiko kontua dela eguraldiarena gogoratzen diet suelto. Euskal gure telebistaren aurreraxeagoan ipini ziren martxan euskal irratiak.

Nekez ohartzen dira, ordea, oraingo eta orduko egoera bitxien alde eta diferentziekin. Gaurko aurrerapenek dena errazten dute. Koskarik nabarmenena telefonian geneukan: mobil txartxo xinple bat izan balitz, airoso ibiliko nintzen. Dei guzti-guztiak telefono fijotikoak ziren: hura ez zegoen inora eramaterik; hantxe egon behar.

Eta orduak? Aurrez grabaturik utzi behar sarritan. Telefono deiaren zain ezin banintzen egon, nik deitu behar ea grabatzerik bazuten… Bai, 80ko garai haietan zaila eta oso konplikatua zen gauzak xuxen eta errax egitea. Eta goiz behar zuen: lanean zihoazen kamioilariek-eta goizeko 6.45era aurrerarazi ziguten. Beharko goiz jaiki eta argi egon, egoki erantzungo bagenien. Eta goiz, eguerdi eta arratseko berri-saioetan ongi emateko, beharko garaiz kalkula hurrengo goiz, eguerdi eta arratseko nondik norakoak.

Hilabete batzuetan egunero 7 bider eman beharreko tarteak ere izan nituen, pentsa! Makina bat ordu badira bai, zertaz eta, hainbeste aldatzen den giro eta eguraldiaz jarduteko.