Inazio Murua
ZORROZTARRIA

Parte hartzeko moduko jaietan parte-hartzaile

Udarekin batera sanjoanak iritsi ziren, eta atoan sanferminak, madalenak, karmenak, santamañak... Iragan astean Baionako bestak, gaur Gasteizkoak eta aurki Donostiako eta Bilboko aste nagusiak eta beste hainbat alaitu eta zikinduko dituzte Euskal Herriko kaleak. Parrandazaleok badugu uda non igaro, etxetik gertu.

Jai batzuk besteak baino parte-hartzaileagoak omen dira, eta ni orain dela zenbait urte sortu zitzaidan zalantza kaskotik uxatu ezinik nabil: zertan hartzen dute parte jai horiek guztiek? Haietako askotan parte hartu izan dut, herritarretan; ikusle egon naiz besteetan.

Gehienetan, bada parte hartzeko moduko gune bat: txosnak. Barraren ohiko aldean ez ezik, barnealdean ere, txanda bat eginda, parte-hartzaile izateko aukera aprobetxa dezakezu, eta espainolegia irizten badiozu, profita dezakezu. Bigarren hori frantsesegia iruditzen bazaizu, berriz, probestu, aguazila, udaltzain barik, aditza dela konturatu artean.

Berriro ere Zeledon gogorarazteko baliatu nahi nuke zerrenda hau, datak hala eskatzen baitu. Gaur Trebiñutik hurbil poza zerutik jaitsiko da; ez ahal da jausiko! Zerutik edo, zehatzago, San Migeleko dorretik, eta San Migel bera baino plaza zerutarrago bat zeharkatuko du, Andre Maria Zuriarena, hain zuzen, etxe berria egin duela jakinaraziz.

Azkenik, berripaper honek ematen didan konfiantzaz baliatuta, G7 bilkura ere ekarriko dut lerrootara, horrek ere parte-hartzea bultzatzen baitu. Biarrizko gune itxietan egingo dute, inongo presoren harrera ez den arren. Segurtasun perimetroan, bertako herritarrak hor zehar ibiltzeko txartel identifikagarria eramanez parte hartzeko aukera ederra izango dute.

G7 bilkurak, gune itxian zein agerian eginda ere, ez du biktimarik umiliatuko, ez inor minduko, nonbait, ez baita ongietorria izango. Izan ere, ez da ongi etorria izango.