Haritz LARRAÑAGA
HENDAIA

Kanpalekuan 2.000 lagun eta ekimen ugari Hendaian

Egunero bezala, goizeko 9etan hasi ziren biltzen txaleko horiak kanpalekuan. Eremu batean taldeka bilkurak egiten. Bezperan 1.500 afari banatu zirela azaldu zuen antolatzaile batek, eta egunean zehar ehunka kanpinlari berri iritsi ziren. Hortaz, 2.000 lagun inguru daude Urruñako kanpalekuan.

Goizeko hamarretan, Notre Dame des Landeseko ZAD egituraren erreplika txiki bat amaitu zuten. Hamaikak aldera, Erlaitzeko errepidera atera zuten egurrezko etxola, eta hirurehun lagun manifestazioan abiatu ziren Hendaiako Kaneta auzora. Ordu baten buruan, Hendaiako portuan dagoen eremu Intergalaktikora iritsi ziren manifestariak.

Bertako hanburgesak

Eguerdiko ordu batean, LAB, CGT eta Solidaires sindikatuetako 80 lagun Hendaiako McDonald’s jatetxearen aurrean bilduta ziren. Garbiñe Aranburu LABeko ordezkariak prentsaren aurrean azaldu zuenez, «McDonald's sistema kapitalista eta suntsitzailearen adierazle da, bere elikagaiak eskuratzeko ingurugiroa kaltetzeko inongo erreparorik ez du, ez du jendearen osasuna kontuan hartzen eta langileen eskubideak urratzen ditu».

Elkarretaratzea amaitzean, «McDo prekaritate zona» zioen pankarta jatetxeko sarreran jarri eta McDonald'sek proposatzen duen ereduaren kontrako alternatiba aurkeztu zuten, hala nola, «tokiko laborariek ekoitzitako produktuekin egindako kalitatezko hanburgesak».

Mugimendu etengabea

Bazkalostean, motxiladun haurren zein Altsasuko gazteen kasuen berri eman zuten Gazte Gunean, hitzaldi bana eginda. Antolatzaileek pozik zirela aitortu zuten, «afera hauek ezagutzen ez zituzten kanpotarrengana iritsi garelako».

Hendaiako Kaneta portuko eremu Intergalaktikoan ere tailer desberdinak egin zituzten arratsaldean, eta jendearen joan-etorria etengabea izan zen. «Hautatutako dibertsitatea» aldarrikatzeko Ficobatik abiatu zen manifestazio bat arratseko 20.00 aldera iritsi zen Kanetako portura. Eta eguna umorez amaitzeko, han ondoan dagoen gaztetxean kontzertua eskaini zuen Elektruka musika taldeak.