27/08/2019

Mikel Urriza
Komunikazioan lizentziaduna
Herri honen ilusionistak
Ezagupen esentzialen inguruko interesaren sorrera eta jakintzaren garapen eta zabalpena distrakzioak ordezkatuko ditu modu honetan

Teloia ireki da. Fokuak piztuta daude. Antzeztokiaren gainean, ilusionista bat bere publikoa txunditu eta engainatzeko prest da. Bere magia trukoek publikoaren inteligentzia kuestionatuko dute, ikuskizuna ikustera etorri den pertsona oro engainatzeko gai izango baita hauen bidez. Magia hastera doa.

Nola egingo du? Publikoaren atentzioa nahi duen elementuarengana eramanen du, aparte gertatzen den guztia ikusezin bilakatuz. Beraz, atentzioaren foku horretatik kanpo ilusionistak edozer egin ahal izango du ikusleak konturatu gabe. Sinplea eta eraginkorra aldi berean.

Logika berdinaren araberako funtzionamendua dauka sistema mediatikoak. Gizarteak errealitatearen zein parte ikusi eta nola interpretatu eta, beraz, zein ez ikusi eta nola ez duen interpretatuko guztiz baldintzatua izango da.

Distrakzioaren estrategia mediatikoa kontrol sozialerako ezinbestekoa da. Garrantzirik gabeko informazio eta distrakzioekin bonbardatuz, publikoaren atentzioa garrantzia duten aferetatik urrundua da. Modu honetan, informazio hutsal eta eduki antzuek elite politiko eta ekonomikoek hartutako erabakiak eta hauek sortutako ondorioak estali egiten dituzte adibidez, ilusionista baten gisara. Benetako arazo sozialen inguruko kezkak liluratuak eta gatibu hartuak izango dira garrantzi objektibo errealik gabeko auziengatik.

Jendartearen interesak baldintzatu eta hauetan eragiteko ere oinarrizko tresna da aipatutako estrategia mediatikoa. Ezagupen esentzialen (politikoak, zientifikoak, psikologikoak, teknologikoak, neurobiologikoak...) inguruko interesaren sorrera eta jakintzaren garapen eta zabalpena distrakzioak ordezkatuko ditu modu honetan.

Ilusionismo ikuskizun honetan hainbat magia truko eta amarru gehiago daude. Arazoak sortu eta hauen aurrean konponbideak eskaini, gradualki eta gutxinaka adierazi, publikoa infantilizatu, hausnarketaren ordez aspektu emozionalekin jolastu, ikusleak ignorantzian eta mediokridadean mantendu... Eta, batez ere, publikoa ondo ezagutu.