Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

Pikutara!

Obelix eta Asterixen herrixka pasatzen ari zait behin eta berriro burutik egun hauetan; bai, kanpoko legioek inguratuta zeukaten herrixka jator hura, konkistatu gabea. Kontuak kontu, halaxe ikusten dut Biarritz egun, baina alderantziz; hau da, kasuan, legioak dira jatorrak diren setiatzaileak, eta inguratuak, ordea, konkistatzaile zitalak! Hau istorio aldrebesa!

Tira, Biarritzeko harira! Kolore guztietako eta usain bereko poliziak bat eginda, zer eta hustuta dagoen erdigunea zaintzen! Hutsa zaintzea ere lan tristea gero, hutsaren hurrena! Uniformeak eta ordenak berdintzen dituzte. Eta, kolpea gero, benetako mamia non eta erdigunetik kanpoko periferian, koloretsuagoa eta naturalagoa, bestelako ordenan. Hots, periferia zentro eginda! Aldrebesa hau ere! Eta polita, usaingarria. Hain huts dagoen zentro hori, hain hurbilgaitz, non telebistaren batek «Top mantaren konkisa» moduko lehiaketa bat bideratu zezakeen... polizia bat irabazle, seguru! Amen!

G7 omen. K7 esatea hobe, Krisi sortzaile, Klima oldartzaile, konkistatuak mendean hartu behar dituzten Konkistatzaileak, planetako biriketan Kea sortzen duten su-piztaileak, demokraziaren Kontrolatzaileak, Kaka transgeniko hedatzaile... ofizioz. Eta Kawen! orain bai 7 K. Hori bai, boterea boto bidez eskuratua. Demokrazia? Non da horren grazia? Hiztegia bera birpentsatu beharra! Hizkuntza gutxituetatik hasita! Eta hori planeta honetako mundu guztietan.

Globalizatzaile horien gai-zerrenda, auskalokoa! Groenlandiexit... Mugak zalantzan jarri barik muga-zergak ezarri... Interes-tasak interes komunaren gainean jarri... Beroketaren arazo globalari aurre egiteko gerra hotzaren hotsak zabaldu... Distantziak laburtzeko irismen handiko misilak merkaturatu... Mediterraneoa urez hustu, konkistatuak ito ez daitezen... Omen. Amen. Pikutara bilkura eta bilduak!