Ane URKIRI ANSOLA
ESKUBALOIA - BERA BERA

Kapitainak, «gogotsu»

Bera Berako Arrojeria eta Menendezek «indartsu» ikusten dute taldea larunbateko Eibarko Superkopara begira.

Amaitu da denboraldi-aurrea Super Amara Bera Berarentzat. Larunbat honetan, 18.15ean, aurreneko titulua irabazteko lehiatuko dira donostiarrak Rocasaren aurka. Iragan sasoian, Kopa irabazi zuten gipuzkoarrek, eta, kanariarrek, Liga. Superkoparen XX. edizioa, gainera, Eibarko Ipurua kiroldegian jokatuko da.

Alba Menendez eta Esther Arrojeria Bera Berako kapitainek Eibarko partida izan zuten atzo hizpide. «Denboraldi-aurre guztia eman dugu hitzordu honen zain. Gogotsu gaude», adierazi zuen Arrojeriak. Azken lau asteotan larunbateko neurketa prestatzen aritu direla onartu eta egindako lanaren «balorazio positiboa» egin zuen. Ez da harritzekoa, neurketa guztiak irabazi baitituzte, tartean «exijentzia handiko lagunartekoak». «Kalitate handiko neurketak izan dira», gehitu zuen Menendezek, taldea «indartsu» ikusten duela azpimarratu aurretik. Horren erakusle, iragan larunbatean Summer BAG Experience txapelketa irabazi zuten, Liberbank Gijoni irabazita (24-23).

Pena bakarra –bi kapitainak ados agertu ziren– prestakuntzako neurketetan taldea osorik egon ez izana da: «Norgehiagoka bakar batean ere ez gara guztiok egon». Hala ere, denboraldiari begira, Menendez baikor agertu zen, min hartuta dauden jokalariak taldearen dinamikara azkar egokituko direlakoan.

Denboraldia titulu bat lortzeko aukerarekin hasiko du Bera Berak eta hori positiboa da Menendezentzat, «denboraldia-aurrean helburuak finkatzen lagundu» baitie. Biek ala biek onartu zuten, hori bai, «presio apur bat» badutela. Azken denboraldiak «oso onak» izan dira eta, Arrojeria usurbildarrarentzat, dinamika berarekin jarraitzeko nahiak eragiten du presio hori. Zehaztu zuenez, hala ere, «lagungarri» ere bazaie, badakitelako presiopean jokatzen, «ez erlaxatzen». Menendez zarauztarrak gehitu zuen presioa «positiboa» dela, «topera egotera» behartzen dituelako.

Rocasa, «arerio zaila»

«Rocasa beti da arerio zaila», ohartarazi zuen Menendezek, nahiz eta kanariarrek ere zenbait jokalari dituzten min hartuta. Defentsa erabakigarria izango delakoan da Arrojeria: «Ondo defendatzea izango da giltza. Atea ondo baino hobeto babestuta daukagu». Izan ere, Renata Arruda Bera Berako atezain brasildarra min hartuta badago ere, usurbildarrak prest ikusten du Merche Castellanos: «Denboraldia-aurrean ondo aritu da eta konfiantza osoa daukagu berarengan».