Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Pulpitu-politika! Demonio!

G7 horrena pasatuta, normalkeriara bueltan. Soropila utzi eta belarrera bueltatu. Eta abuztuaren hondar honetan nagoela, behatzen artekoa arakatzen konpost-kutxara botatzeko, eta egunkaria eskuan... Hara! Non eta Vatikanoko Petri plazako balkoian! Nor eta Ajuriaeneko aita santua, alboan ezaguna egiten zitzaidan tipo bat zuela! Ama, ama! Ezin gomutatu nor zen txanodun hori, zuriz jantzita... Mon Dieu! Ez ninduke harrituko beste hori Forondako landa-gunera etortzea irailaren azkeneko domeka santu horretan, bisitaren bueltan, bedeinkapena... ez dakit eman edo jasotzera! Omen! Amen! Pulpitu-politika gero!

Tira, harira! Migratzaileak banatzeko moduaz aritu omen. Kuotaz, sinple esanda. Eta horretarako ekuazioaz. Hain dira askotan madarikatuak ekuazioak! Hain dira hutsak, eta hotzak, zenbakiak! Epe motzean egin beharrekoak ez badu epe ertain-luzeko ikuspegirik... Fisikari saridun harena burura ekarrita: «ezin arazo bat konpondu arazoa sortu duen pentsamolde beretik abiatuta»; eta poeta andaluziarrarena ere: «gaixo egotea baina okerragoa da mediku txarra izatea». Hortaz, Lakuako Gobernuaren egunotako txosten batean leitu dut pobrezia larria mantendu egiten dela gurean orain urte askotako mailan... baina, eta hauxe funtsa, antza, horren inguruko pertzepzioak hobera egin duela... Gaitz erdi! Etika 4.0!

Gauzak horrela, migratzaileen dramari konponbidea emateko modua izan daiteke erreskate-ontziek, bizitza salbatzea legez ukatuta dutenak, itolarrian daudenei ur-botilak botatzea, barra-kodea eta guzti!

Konponbidea baino gehiago hor-konponbidea izango litzateke, baina, tira!, beti egongo da horren kontra azaltzen denik ere, hori eginda plastiko gehiago egongo delakoan...Baina kuotaz ari garela, migratzaileak hegaluzearen parean jartzea... Hurbilago ikusten dut, distantzian, Lurraren gunea arazo globalen mamia baino!