Andoni ARABAOLAZA
TRAIL

Triguerosek historia egin du

Korrikalari abadiñarrak bigarren urtez jarraian irabazi du Tor de Geants proba gogorra.

Italiako Aosta haranean antolatzen den Tor de Geants bezalako lasterketa batean bi urtez jarraian protagonista nagusia izatea ez da batere ohikoa. Eta hori diogu oso-oso muturrekoa den ibilbide bati egiten baitzaio aurre: 330 kilometro eta 25.300 metroko desnibel positiboa.

Baina lasterkari abadiñarrak hori lortu du; hots, Tor de Geants proban historia egitea. Hori gutxi ez, eta Triguerosek sailkapen nagusian seigarren postuan amaitu eta errekor berria ezarri du: 85 ordu, 23 minutu eta 15 segundo. Hamar minutuan hobetu du Francesca Canepak zuen denbora onena.

Errekorrak aipatu ditugunez, esan behar dugu gizonezkoen mailan egun errekor hori duena Javi Dominguez dela. Duela pare bat urte, 67 ordu eta 52 minutuko denbora egin zuen. Aurtengo irabazlea, Oliviero Bosatelli, oso urruti geratu da: 72 ordu eta 37 minutu.

Hori guztia esan ondoren, ondoriozta genezake Tor de Geants lasterketak benetako euskal kutsua duela. Gogora ekarri behar dugu Iker Karrerak 2013. urtean irabazi zuela. Beraz, hiru euskal lasterkarik irabazi dute Europan sona handia duen ultra distantziako lasterketa hau.

Joan den igandean, eguerdiko 12etan, 72 herrialdetatik iritsitako 920 ultra zaleak Courmayeur herritik irten ziren. Lasterketaren lehen zatiari dagokionez, aipatu behar da korrikalariek asko sufritu zutela; izan ere, elurrari eta hotzari egin zioten aurre.

Triguerosen estrategia bikaina izan zen oso. Nahiz eta iaz irabazi, lasterketaren bezperan baieztatu zuen hamargarren ekitaldi honetan urrats kualitatibo bat egin nahi zuela. Hitz gutxitan esanda, bizkaitarraren garaipenak ez du batere misteriorik izan. Ia lasterketa osoa goitik behera menderatu du; ez du areriorik izanak.

Alde handia

Sonia Furtado indar handiarekin hasi zen, eta 27. kilometroan ia hamar minutuko aldea ateratzen zien Jocelyne Pauly eta euskal korrikalariari. Lehen gauarekin, Trigueros lasterketaren buru jarri eta Pauly (1:30era) eta Furtado (2:30era) atzean utzi zituen. Hortik aurrera, abadiñarraren lasterketa bakarrizketa bihurtu zen. Bigarren gauean gero eta alde handiagoa ateratzen zien.

Eta hirugarrenean egoera ez zen batere aldatu. Bueno, zehaztu dezagun, aldatu zen bakarra izan zen Triguerosek sailkapen nagusiaren lehen postuetan burua sartu zuela. Hain zuzen ere, Top 10ean zegoen. Egunsentiarekin batera, Tor de Geants-eko protagonistaren lidergoa erabatekoa zen. Bigarren sailkatuari, Paulyri, lau orduko aldea ateratzen zion, eta zazpi Furtadori.

Helmugaratutako lehen gizonezkoek ez bezala, Triguerosek laugarren eta azken gaua behar izan zuen Courmayeurrera heltzeko. Asteazkeneko ordu bata eta 23 minutu zirenean, euskal lasterkariak Tor de Geants-en urrezko beste pasarte bat idatzita utzi zuen.

Berrirz gogoraraztea merezi du: bigarren urtez jarraian irabazi eta errekorra (85:23) ezarri du. Era horretara, Triguerosek lasterketan izarrak (bi garaipen) diren Francesca Canepa, Lisa Borzani edo Annemarie Gross korrikalarien tokia hartu du.