14/09/2019

Chronique
MEDIKUNTZA HUMANOAGO BATERANTZ
OSASUNA OSOTASUNETIK DATOR

EGUN BATEAN ERITU ETA FONENDOSKOPIOAREN BESTALDEKO TAUPADAK BERE AZALEAN SENTITU ZITUEN SENDAGILE GISA MINTZATU ZEN JOSE LUIS PAULIN. ZAINTZAILE BEZALA, ALDIZ, ANJEL LERTXUNDI IDAZLEA, BERE BIZITZAKO «ESPERIENTZIARIK BEREZIENA» IZAN DEN EMAZTEAREN GAIXOALDITIK IKASITAKOTIK BATEZ ERE. EDERKI OSATU ZUTEN ELKAR.

Maider IANTZI
0914_eg_medikuntza2
Paulinen arabera, xamanaren, «House»-ko pertsonaiaren eta apaizaren zati bana du medikuak
Gaixoak ez du ezagutzen sendagilea baina harengan jarria du esperantza. «Hau da ene mina, esan nahi eta esan ezina»

Bere 120. urteurrenean, Gipuzkoako Sendagileen Elkargo Ofiziala “Medikuntza humanoago baterantz” kanpaina garatzen ari da. Testuinguru horretan, Jose Luis Paulin Seijasek eta Anjel Lertxundik beren bizipen eta gogoetak partekatu zituzten ostegunean Elkargoaren egoitza nagusian egindako ekitaldi irekian. Liburu bana idatzi dute medikuntzaren humanizazioaren inguruan: “Zu” izena du Oriokoarenak eta “El médico enfermo: el latido al otro lado del fonendo”, Oiartzungoarenak.

Medikuak xamanaren puntu magiko bat du, “House” telesaileko protagonistaren zati bat (autoritatea, jakinduria) eta apaizaren bertze bat (aitorlea). Hala ikusten du Paulinek. Osasun sistema piramide batekin alderatu zuen. Puntan, osasun arazoa eta hura konpontzera bideratutako formakuntza teknikoa daude. Azpian pertsona dago, eta giza formakuntzak ere egon beharko luke, baina «ez dago».

Azaldu zuenez, bihozberago, atseginago, hurbilago izatea erran nahi du humanizatzeak, baina «despertsonalizatu» egin da osasuna. Kausak ugari dira: jendartearen medikalizazioa, erreferentzia izan beharko luketen sendagileen aldaketak, espezializazio handia, murrizketak… «Fakultatean ez ziguten ezer aipatu humanismoaz».

Onurak, frogatuta

Inportanteena arazoa konpontzea dela pentsa dezakegu batzuetan, baina humanizazioaren onurak frogatuta daude. Adibidez, akats mediko larrien %80 komunikazio faltagatik gertatzen dira.

Horretaz jakitun, Unescori mediku eta pazienteen arteko harremana humanitatearen kultur ondare materiagabe izendatzea proposatzea erabaki zuten Estatu espainoleko sendagileen azken konbentzioan.

«Ez naiz sintoma bat», «beldurra sentitzen dut», «ez naiz zenbaki bat»… Halako pentsamenduak izan ditzake pazienteak ohatilan. Horregatik, kultura aldaketa bat aldarrikatu zuen sendagileak, honako ezaugarriekin: ikuspegi holistikoa, pertsonalizazioa, informazio ulergarria, berdinen arteko erlazioa, pazientearen autonomia, tratu ona, eta familiaren parte-hartzea eta laguntza.

Azken puntu honen garrantziaren erakusgarri, errezitaldi ederra eskaini zuen Anjel Lertxundik, emaztea gaixo egon zen sei urte eta erdian jasotako arretagatik sendagileei eskerrak emanez hasita.

Bisturia eta luma

Hagitz ofizio ezberdinak izan arren, mediku eta idazleak sufrimenduak eta heriotzak beren lanean duten eraginak batzen dituela ohartarazi zuen.

«Idazleak luma du bere bisturia»; pertsonen «erraietara iritsi nahian» darabil. «Hitzak badu luma suabeen goxotasuna ere». Errealitatearen aurrean jartzen gaitu literaturak, eta hortik urruntzen laguntzen digu. «Diagnostiko zorrotzak egiten ditu, eta botikek bezala bizitza leuntzen laguntzen digu (…) Kalea auskultatzen du».

Horra Orioko idazlearen diagnostikoa: «Historian inoiz ez bezala, gizakiak bizkarra erakutsi nahi dio sufrimenduari, heriotzari, jakinda hor dagoela, gu ere harrapatuko gaituela».

«Etxean ditudan liburuetan sufrimendua azaltzen dutenak botako banitu, liburutegirik gabe geratuko nintzateke». Literatura ispilua da eta garden edo lainotuta, fantasiaz ala errealismoz… izaki mugatuak garela eta ez dugula hiltzerik nahi ikusten dugu ispilu horretan.

«Osasuna osotasunetik dator eta gaixoa osotasuna galdu duena litzateke». Hala deskribatu zituen eriaren bizipenak: medikuarengana joan da, baina hark tac-ak dioena daki, ez eriaren izaera soziala, lana, barruko bizitza. Gaixoak arriskua sentitzen du. Ez du ezagutzen tokatuko zaion sendagilea baina harengan jarria du esperantza guztia. «Hau da ene mina, esan nahi eta esan ezina», esaera etorri zaio burura.

Itxarongelan dago. Jada hasi da ikasten: itxarotea da gaixoaren kondizioa. Bitartean, bizitza gastatzen ari zaio. Ez daki itxaroteak bukaera zoriontsua izanen duen.

«Egun on», agurtu du medikua. «Egun on. Une bat, oraintxe naiz zurekin», erantzun dio hark, ordenagailuari begira. Tac-aren emaitzak kontsultatzen ariko da. «Zer moduz?». «Asko nekatzen naiz», erantzun dio pazienteak eta, pantailari so, hala galdetu dio: «Nobedaderik?». Segundo pare bat. Eternitatea. «Tumorea handitu egin da. Horregatik nekatzen zara». Pantaila jiratu eta argibideak ematen hasi zaio. Gaixoak ez daki irudiak interpretatzen, ez ditu hitzak ulertzen, baina arretaz segitzen ditu azalpenak, latinezko mezan bezala.

Lotsa ematen dio argitasun gehiago eskatzeak. Erizainak emanen dizkio gero pautak, eta botiken arrosarioa hasiko da.

«Analfabeto potentzialak»

Lertxundiren ustez, espezializazioaren aro honetan, «analfabeto potentzialak» gara osotasuna ikusteko. Berarentzat, batzuek bertzeei begietara begiratzea da humanismoa, batez ere sufritzen dutenei. «Osasunarekin bizipoza zaindu, osasuna urritzen zaigunean ere bizipoza gurekin izan dezagun», proposatu zuen.

«Zuek, medikuok, beldurrak dituzue, baina beste era batera kudeatzen dituzue», aipatu zion Paulini. «Ezagunari beldurra da», erantzun zion lagunak. Berak klandestinitatean pasatu zuen prozesua gaixotu zenean. Hori behar zuen, baina bakardade hori «latza» izan zen.

«Desumanizazioaren atzean ere beldurra dago», agertu zuen hitzaldiak entzun zituen sendagile batek. Familia mediku batek erantsi zuen identifikatua sentitzen dela «hau da ene mina, esan nahi eta esan ezina» esaldiarekin. «Humanismoz tratatzean, non dago muga? 10 minutu ez ditut nahiko». Horri buruz, Paulinek azaldu zuen humanismoa ezin dela neurtu, jarrera bat delako. «Inguru osoa dago inplikatua. Gizartea ere bai», nabarmendu zuen.