GARA
HANNOVER

2020ko Makina-Erremintaren Biurtekoa aurkeztu dute Hannoverreko EMO ferian

Makina-erremintako azokarik handiena, Hannoverreko EMO, aukeratu zuten AFM Klusterrekoek eta BECekoek 2020ko Makina-Erremintaren Biurtekoaren 31. edizioa aurkezteko. Datorren maiatzaren 25etik 29ra izango da Barakaldoko erakustazokan. 2018koa hamarkadako onena izan zen, eta 2020ko egoera «ezberdina» izan badaiteke ere, partaidetza handia espero dute. Mundu osoko 51 herrialdetan ari dira enpresak erakartzeko kanpaina egiten.

BECeko eta AFM Klusterreko ordezkariek Makina-Erremintaren Biurtekoa aurkeztu zuten atzo Hannoverreko EMO ferian. Sektoreko hitzordu nagusia da Alemaniakoa eta enpresa puntakoenen aitzinean eman zituzten Biurtekoaren antolatzaileek 31. edizioaren xehetasunak.

Berrikuntza eta digitalizazioa ardatz hartuta, «indartsu» itzuliko da azoka, fabrikatzaile, inportatzaile eta banatzaile nagusiak elkartzeko asmoarekin. «Kalitatezko milaka bisitari espero ditugu». Merkataritza harremanak, sinergiak eta negozio aukerak sortzeko giro aproposa izango da.

Euskal enpresak Hannoverren

Astelehen goizean inauguratu zen Hannoverren, Alemanian, EMO makina-erremintaren eta fabrikazio teknologien munduko azoka nagusia. Bertan, toki garrantzitsua dute euskal enpresek. Horren erakusgarri, Andreas Sheuer Alemaniako Garraio eta Azpiegitura Digitaleko ministroak, hasiera ekitaldia gidatu zuenak, Juaristi enpresaren standa bisitatu zuen.

Juaristi Azkoitian sortu zen 1941ean. Fresatzaileak, mandrinatzeko makinak eta tamaina ertain-handiko torneaketako gaitasuna duten erabilera anitzeko zentroak fabrikatzen ditu. Bere produkzioaren %95 baino gehiago esportatzen du eta 6.000 makinatik gora ditu mundu osoan instalatuta.

Larunbatera arte 2.200 enpresa daude ferian bilduta. 130.000 bisitaritik goiti espero dituzte. Han dira, besteak beste, Berrizeko Tedisa, doitasun handiko Hirth akoplamenduak aurkezten, eta GMTK zestoarra, prozesu anitzen soluzioetan espezializatua, fabrikazioaren kostuak nola hobetu azaltzen. Danobat gipuzkoarrak Hembrug enpresa holandarra barnean hartu duela jakinarazi du Hannoverren.