Julen MURGOITIO
ZORROZTARRIA

Larrialdiei atrebentziaz

Hain dira desberdinak pertsonen gorputzak! Eta gorputz batzuek zer eta arima ere ezkutatu, mon dieu! Hain dira desberdinak zentzumen sentsazioak gorputz batetik bestera! Horra kasurako, politika ofizialak, ofizioz egiten den horrek, batzuei loa hartzen utzi ez, eta hauxe kolpea! beste batzuei, ni barne, lo seko utzi bai! Hortaz, azken egunotan handik eta hemendik sarri entzun dudan «larrialdi» berba hori politikari zegokiolakoan nengoen, baina hara! klimari dagokiola enteratu naiz gerora, klimaren klimari hain zuzen ere, eta ez politikaren klimari!

Tira, politika orokorraren harira! «Egonkortasuna», euskaldunok dugun altxor politikorik preziatuena, nonbait; lege zaharren ondorengoa omen. Amen!

Eta nago ni, zelan da posible larrialdi egoera bati, izan klimatikoa izan demokratikoa, egonkortasunetik erantzutea? Are gehiago, egonkortasuna lasaitasunez jantzitako gelditasunaren pareko hartuta? Ez ote du, berez, larrialdiak atrebentzia puntu bat eskatzen abiapuntuan bertan? Akaso ez da atrebentzia Politika 4.0rako innobazio zantzua?

Mundu dinamiko batean ez dago gauza makalagorik geldikeria kudeatzea baino, are gehiago egonkortasunez kudeatzen bada. Klimaren larriari politikatik erantzun eraginkorra emateko lehenengo apustua hauxe beharko: 0 km-ko erabakiak! Bertatik bertarakoak! Porrot egindako beheko Estatu antzeko horretarako joan-etorriek berotegi efektuko gasen isurketa handitzea baino ez dakarte. Lurra nork berea, baina aireak guztiok hartzen gaitu, eta urak … eta plastikoak ere …

Zinemaldia, aurten ere. «Gobernu galduaren bila» sasi-umorezko filma ikusgai, efektu bereziak eta guzti, gorri-horixkan … eta balizko ikusleei, ozeanoan zeharreko hegaldietan bezala, sarreran galtzerdiak, begietarako mozorroa, pixontzia… eman eta ondo lo egin!