Asier AIESTARAN
Piraguismoa

Hirutik hiru finalerdietara

Klara Olazabal, Joan Crespo eta Samuel Hernanz ere finalerdietara sailkatu ziren eslalomeko MundukoTxapelketan. Crespok lortu zuen posturik onena, K1 proban zazpigarren amaitu ostean.

Klara Olazabal izan zen lehiatzen lehena, emakumezkoen C1 mailan, eta Irungo palistak 16. postuan bukatu zuen lehen jaitsiera, finalerdietarako txartel zuzena eskuratuz. Ibilbidearen bukaerako 25. atea ukitu zuen baina jaitsiera nahiko azkarra egin zuen orokorrean.

«Oso pozik nago. Planaren arabera joan da jaitsiera eta sentsazio onak izatea lortu dut. Hasierako ukitu horrek lehen postuetatik urruntzea suposatu du, baina helburua sailkatzea zen eta aurreneko jaitsieran txartela eskuratzeak lasaitasuna ematen du», adierazi zion irundarrak BAT Basque Team fundazioari.

Gizonezkoen K1 proban, sentsazio desberdinekin amaitu zuten Joan Crespok eta Samuel Hernanzek, nahiz eta biek lortu zuten biharko txartela.

Crespok, taldekako lehian urrea lortu eta gero, jaitsiera bikaina egin zuen banakako lehiaren lehen txandan. Ibilbide hasieran apur bat trabatu zen arren, gero buelta eman zion eta jaitsiera garbia eta oso azkarra egin zuen. Zazpigarren izan zen eta zuzenean finalerdietara igaro zen, bigarren txanda jokatu beharrik gabe.

«Oso saio txukuna izan da, bi akats txikirekin, baina zazpigarren amaitzea ez dago batere gaizki sailkapen baterako. Ea noraino iristen garen. Etxean gaude, etxean beti errazagoa da emaitza horiek lortzea eta pazientziarekin edozer lortu daiteke», izan ziren palistaren hitzak.

Hernanz, berriz, ez zen arriskatu hurrengo faserako txartela ziurtatu ahal izateko, eta horrek abiadura kendu zion bere jaitsierari. Ez zuen zigorrik jaso, nahiz eta mantsoago joan.

«Pozik nago sailkapena lortu izateagatik. Ikusi genuen atzo munduko onena kanpoan geratu zela. Egia da sentsazioak ez direla onenak izan, nahiago nukeen aurrerago ibiltzea, baina bihar berriz hasiko gara hutsetik, beste kanal batean, eta horretan pentsatu behar dut».