Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Jainkoentzat milaka defendatzaile

Ez dira gauza bera sanferminetan horditurik beren burua ezagutzeaz poz-pozik gerriari lizunkeriaz eraginez dantza betean ari diren bost morroi ezezagunen irudiak eta, adibidez, operaren munduan jainkotzat hartzen den abeslari ezin ezagunagoarenak munduko agertoki entzutetsuenetan publikoa liluratzen, edo joan den mendeko 70eko hamarkadatik zinemaren munduan jeinutzat jotzen den gidoilari eta zuzendari aitonarenak kontzertu apaletan klarinetea jotzen, inongo lekukorik ez dagoenean besteak, eta bereziki emakumeak, nola tratatzen dituzten irudikatzeko orduan.

Bai, alde ederra dago bost inor-ez harroputzi edo, esaterako, itzal handiko artista biri begiratzeko moduan, are gehiago artista horien lana zoragarria, arte-ekarpen paregabea eta akitu arte txalogarria iruditzen bazaizu. Orduan, kosta egiten da gizona eta artista bereiztea, bigarrenak zeharo jaten baitu lehenengoa, eta zaila suertatzen da aparteko dohainaren aura distiratsu hori gabe ikustea, gainerako gizakion mundu berean bizi den beste gizon bat besterik ez dela ulertzea. Onartzea izango dituela bertuteak eta akatsak, loria eta miseria, eta urteetan bere jardun-esparruan irabazitako prestigioak, errespetuak edota botereak (artista guztiak ez dira-eta pobreak, baztertuak eta ero samarrak, inondik inora) ez dutela zertan inolako giza jokabide eredugarririk ekarri berekin; guztiz kontrakoa, beharbada, jainkotasunak eta botereak bat eginda ondorio nahiko penagarriak eragin ohi baitituzte pertsonaren psikean eta, ondorioz, haren inguruko guztiengan.

Jainko boteretsu ukiezina gizonezkoa izaten da mundu honetan, haren inguruko izorratuena emakumea, eta gertatzen da bigarrenak lehenengoaren lotsagabekeriak alfonbrapetik ateratzen dituenean “Nik sinesten dizut” automatikoki bilakatzen dela “gizagaixo baten aurkako sorgin-ehiza” (zelako ironia) eta “difamazio-kanpaina bidegabea”, emakumeonganako indarkeria ororen kultura zaharra eta hedatua deuseztatzeko nahitaezko garrasi, ezinbesteko lehenengo urrats, izan beharrean. Mundu honi inolako ekarpenik egin gabeko, alegia, inolako loriarik gabeko inor-ez horiei ez bezala, artista sonatuei milaka abokatu defendatzaile ateratzen zaizkie hedabideetan, musu-truk eta sutsu, haren obrarekiko maitasunak itsututa bai salatzailea bai haren ondoan lerratzen den oro kolokan jartzen dituztenak, zalantza-benefizioa, gutxienez, inondik ageri ez dela.