Revolution Jamrock reggae festibala, zortzigarrenez Donostian
Orain arte Egiako Gazteszenan egin izan dute jaialdia, baina aurten Intxaurrondoko kultur etxera mugituko dira. Urriaren 18 eta 19an izango dira reggae kontzertuak, 22.00etatik aurrera. Aurtengo izarra Max Romeo jamaikarra da, alaba Xana Romeorekin etorriko dena.

Revolutionary Brothers elkarteak zortzigarrenez antolatu du Revolution Jamrock jaialdia, urriaren 18 eta 19rako. Aurten Egiako Gazteszenatik Intxaurrondoko kultur etxera pasatuko da jaialdia, Donostialdeako akustikarik onena duen aretora.
Iker eta Unai Martinez anaiek osatzen dute Revolutionary Brothers taldea. Atzoko aurkezpenean azaldu zutenez, urtean zehar musika zirkuitua antolatzen dute eta jaialdiak ekimen horiek borobiltzeko balio du. Aurten Max Romeo jamaikarra eta bere taldea ekartzea lortu dute, zeinak lehen aldiz joko duen Gipuzkoako hiriburuan. Gainera, bere alaba Xana Romeorekin batera etorriko da.
Romeo aita eta alaba izango dira larunbat gaueko izarrak. «Aurtengo kartela osatzea ez da batere erraza izan. Udako birak tartean izatean, urrirako kontzertuak lotzea zaila da. Max Romeroren kasuan lagun baten bitartez lortu dugu bere agendan egun hori libratzea, Donostiara etortzeko. Ohore bat da reggae musikako legenda bizia gurekin izatea», adierazi zuten anaiek.
Horiekin batera, Tracy de Sa frantziarrak eta Mistilla italiarrak osatuko dute larunbat gaueko nazioarteko kartela. Gainera, Elsa K. Bless eta Herriko Kings Sound iruindarrak arituko dira haien alboan. Gaua ixteko, Eira, Gustab eta Rad Lujah arituko dira, hurrenez hurren, Donostia, Errenteria eta Hernanitik datozenak. Euskaldunek beraien abesti berriak eskainiko dituzte Revolutionary Brothersekin batera.
Bideokliparen aurkezpena
Revolutionary Brothers antolatzaileak ostiraleko gaua ixteaz arduratuko dira, beraien proiektu berria aurkeztuz. Aurretik nazioartean arrakasta handia izaten ari den General Levy arituko da Martinez anaiekin batera grabatutako biniloa eta bideoklipa aurkezten. «Musikariak gurera etortzen direnean aprobetxatzen dugu grabaketak egiteko, gure estudioan. Eta kasu honetan bideoklipa ere egin genuen. Biniloa edizio berezia izango da, urdin kolorekoa, eta 500 kopia besterik ez dira salduko», esan zuten. Lau abesti izango ditu disko fisikoak. Plataforma digitaletan ere zabalduko dute diskoa, eta bertsio horretan zortzi kanta batuko dituzte.
Levyren ostean, Bojaman and Grompy zarauztarrak izango dira, eta Bakioko Bass Herri Sound System ere bai.
Aurkezpenean jaialdian parte hartuko duten bi artista izan ziren, Grompy Style (Enrique Sayalero) eta Eira (Eider Elorza). Eirak aldarrikapena egin zuen: «Gero eta emakume gehiago gaude reggae arloan. Ea hori normaltasun batera iristen den, emakume asko gaudela aipatzea beharrezkoa izan ez dadin». Aurtengo karteleko parte hartzaileen erdiak gutxi gorabehera emakumeak dira eta hori oso positibotzat hartzen du Elorzak, batzuetan reggae jaialdietako emakume bakarra izatea egokitu zaiolako, eta badira emakumeen parte hartzerik ez dutenak ere. Hala ere, Martinez anaiek emakumeen presentzia naturaltasunez ikusten dutela uste du.
Grompyk, berriz, Jamrocken parte hartzen duen lehen aldia dela kontatu zuen, baina hasierako ediziotik jarraitu duela jaialdia. «Bojaman eta ni ikuskizun handia eskaini ahal izateko gogor prestatu gara», aitortu zuen. Sarrerak jada salgai daude: urriaren 18rako 12 euroan (14 leihatilan), eta urriaren 19rako 16 euroan (18 leihatilan). Gainera, bi egunetarako bonua dago, 25 euro balio duena.

Apuntes para observar el primer eclipse solar total visible en un siglo

Hibai Rekondo abeslaria zendu da

Gimeno lleva al borde del desgarro al Gobierno de Chivite por las ikastolas

«Garantizar el derecho a la vivienda significa reducir el negocio de los inversores»
