Maider IANTZI GOIENETXE
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

EñAUT MARTIKORENA GARAILE, ERREGULAR ETA PERLAZ PERLA PUBLIKOA KONKISTATUTA

EñAUT MARTIKORENA HERNANIARRAK IRABAZI ZUEN, ONGI MEREZITA, ANDOAINEN JOKATU ZEN GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETAKO LEHEN FINAL-LAURDENA. HALAKO HARRIBITXIEKIN ENTZULEAK EDERKI GOZATU ZUEN: «PAROAN EGOTEA EZ DA DOTOREA/ BAINA MORRONTZAN BAINO ASKOZAZ HOBEA».

476 punturekin, Eñaut Martikorena, izaera bereziko bertsolari hernaniarra gailendu zen Andoainen, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako lehenbiziko final-laurdenean. Bigarren egin zuen, 467 punturekin, Iban Urdangarin ataundarrak. Ondotik etorri ziren, puntuetan nahiko hurbil, Unai Mendizabal (460,5), Iñaki Apalategi eta Asier Azpiroz (biak 458,5 punturekin) eta Beñat Iguaran (447).

Martikorenaren lanaren adibide, Iguaranekin osatu zuen seiko motza. Eñaut eta Beñatek zahar etxe batean ezagutu dute elkar. Bertatik ihes egiteko plana egin dute. Bihar da eguna.

«Zahar etxe honetan gaude/ gure min eta edade/ pastilla ohiko kontua hemen egualdian pare/ ni ez nago honen alde/ ezin segitu debalde/ bertan usteldu baino lehenago in dezagun alde», Eñauten lehenbiziko bertsoa.

Begi guztiak Katalunian izan arren, Andoaingo Bastero kulturgunea bete egin zen (baita katalanenganako keinuz ere) eta publikoak gogoz txalotu zituen bertsolariak, bereziki irabazlea. Agurretik beretik lortu zuen bertsozaleen konplizitatea, «mundua sutan egonagatik gu hona txapelketara» abestuz, bere kantaera berezian.

Saioa zortziko handian ongi, indartsu hasi, eta hamarreko txikiko ariketa aldean eta kartzelan apaldu egin zela iruditu zitzaigun, gero Eñautekin bakarkakoan berriro goitik amaitzeko. Martikorena zuzenean pasatu da finalerdietara eta gainerakoek kideen puntuazioaren zain egon beharko dute. Bertzeak bertze, gaur Irunen gertatzen denari adi.

Multikulturalismoaz

Urdangarinen lanik puntuatuena eta entzuleak aunitz txalotu zuena zortziko handikoa izan zen, hau ere Iguaranekin. 6 urteko haur baten gurasoak dira. Beñaten ustez lehenbailehen hasi beharko luke ingeleseko akademia batean. Ibanen ustez txikiegia da oraindik. «Haurra horrela estu hartzeak neri ez dit egin grazi/ bizitza hontan ez baita dana galdu edo irabazi/ etxe askotan ikusi det hau aukeran gehitxotan kasi/ gu egiteko gai ez garena haurrari eginarazi», abestu zuen ataundarrak.

Puntu gutxien kartzelan pilatu zituen. Honakoa zuten gaia: «Eskolako zuzendaria zara. Emaila bidali duzu. Jada ez dago atzera bueltarik». Gu behintzat zur eta lur utzi gintuen Urdangarinek, eta ezin idatzi gabe utzi. Hona bere bigarrena: «Etorri ziren pentsatu nuen gizarajoa pobrea/ baina gerora gauzak ez dira hola atera ordea/ ze iskanbila jartzen dituen ta ze txakur umorea/ nahiz ez daukadan beraien kontra barruan ezer gordea/ beti alderako ezin da izan azalaren kolorea».

Bere ondotik kantatu zuen Iñaki Apalategik ere etorkinen gaiari heldu zion, bertze ikuspuntu batetik. Hona bigarrena: «Sailburuak esaten du hau dela multikultura/ ta ematen zigun laguntza aspaldian bukatu da/ lehen eraman genitzaken gelatxo baten barrura/ azkar ikasi zezaten behar zen hizkuntza hura/ baina tratatu gaituzte azken pertsonen modura/ guztiak sartzen dituzte guztiak gauden lekura/ ta min ematen dit baina bukatu egin zait lilura/ pazientzia agortu zait, hau ez da gure ardura».

Unai Mendizabal eta Asier Azpiroz dotore ikusi genituen. Lan ona egin zuten, adibidez, zortziko handian, gazte independentista katalanen ahotsean. «Polizia ez da inoiz garaitzen hori jakin zazu hara/ baina garaitu litekeena iritzi publikoa da», kantatu zuen Asierrek.