21/10/2019

Jon Irazu, bigarren mailako txapelduna
Andres OSA «SAKONA»
1021_kir_irazu

Larunbatean jokatu zen Altsasuko Barrundia pilotalekuan Euskal Herriko 2. mailako aizkolarien txapelketa, eta Jon Irazuk lortu zuen txapela buruan jartzea. Aspalditxoan zebilen horren atzetik eta saria jaso du. Neurketa oso estua izan zen Juanjo Lopezen eta bien artean. Estua bezain itogarria, baina hiru segundoko tarteari esker Irazuren buruan kokatu zen sari preziatua.

Bi kana-erdiko, 60 ontzako bi enbor eta bi oinbiko ebakitzen 20 minutu eta 54 segundo behar izan zituen. Lan aski polita da. Juan Jose Lopezek hiru segundo gehiago behar izan zituen, 20 minutu eta 57 segundo. Bien arteko lehia estuak izugarri girotu zuen bertan bildu zen ikusleria.

Horrela ba, txapelduna Irazu eta Lopez txapeldunordea. Biak lehen mailara igo dira. Jarraian, ondorengo hiruren artean lehia bizi bezain estua izan zen. Eloy Cortxerok 23 minutu eta 26 segundo behar izan zuen. Segidan, Josean Etxeberria (23:29) eta Arkaitz Jauregi (23:51) sailkatu ziren. Azkena Araitz Mugerza izan zen. Ez zuen egun ona izan, alde batetik bere puntu onenean ez dagoelako, eta gainera enbor pare batean ipurdia eta adarra azaldu zitzaizkion. Halere, 24.27an bota zituen sei enborrak.

Gisasola-Astondoa

Iruñeko Takoneran jokatu zen larunbatean emakumeen bost kirol edo pentatloia. Bi bikote neurtu ziren. Bizkaitik Irati Astondoa eta Karmele Gisasola Zelai III.a, eta beraiek suertatu ziren irabazle, lan ederra egin ondoren. Aurkariak, nafarrak: Maika Aristegi eta Virginia Finol. Aizkoran, harri-jasotzen, txinga-eroaten, ingudean eta trontzan aritu ziren. Irabazleek 38.20an amaitu zuten, eta aurkariek 39.09an, emozio eta guzti.

Beti-Gazte sokatiran

Arbizun hasi zen larunbatean Nafarroako zortziko sokatira txapelketa. Lehen egunean emakumeak aritu ziren. 520 kilotan Lesakako Beti-Gazte zortzikotea izan zen garaile, tiraldi guztiak irabazita. Beti-Gaztek 3 puntu ditu, Txantreak 2 eta Antsoainek 1.

Gizonezkoek ere 600 kilotan lehen ekitaldia izan zuten eta hemen ere Lesakako Beti-Gaztek lortu zituen jokoan zeuden puntu guztiak: 4 punturekin irabazle izan zen. Bigarren, Txantrea izan zen (3 puntu); gero, Berriozar (2 puntu), eta azkenik Antsoain, puntu bakarrarekin.