GARA
IRUÑEA

Epaileak absolbitu egin ditu Maravillas gaztetxeko 22 auzipetuak

Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiak absolbitu egin ditu Iruñeko Rozalejoren jauregia okupatu eta ustezko kalteak egiteagatik epaitutako 22 gazteak. Auzitegiak helarazitako sententzian, magistratuak dio akusazioek ez dutela froga sendorik erakutsi gazte horiek zigortzeko.

Epaileak inputatu bakoitzari buruzko frogak aztertu eta gero berretsi du epaiketan ez dela frogatu gazte horiek 2018ko abuztuaren 17az gain, hau da, identifikazioaren egunaz gain, eraikinean egon ohi zirela okupazioak iraun bitartean.

Magistratuak azaltzen du ez dagoela inolako txostenik eraikinean sartu-irtenak egiten zituzten pertsonen «etengabeko joan-etorriaren» inguruan, eta ez zela identifikatu publikoki deitutako jardueretan parte hartu zuen pertsonarik. Gainera, jarduera horiei buruzko irudiak Facebook, Twitter eta Youtuben partekatu ziren, baina, epaileak dioenez, txosten bakar batean ere ez dira identifikatu ekitaldiotan arduradun gisa ari ziren edo modu esanguratsuan esku hartzen zuten pertsonak.

Epaileak gaineratzen du «era berean nabarmena» dela, eta etengabe ikusi dela hedabideetan Maravillas Gaztetxea –eraikina okupatu zuen kolektiboa– «harremanetan egon dela azken bi urteetan hainbat erakunderekin, hala nola: Nafarroako Gobernua bera, bera baita higiezinaren titularra, Iruñeko Udala eta beste hainbat kolektibo eta pertsona». Hartu-eman horietan, epaileak nabarmendu duenez, nahitaez parte hartu beharko lukete kolektiboko kideek, hau da, erabakitzeko gaitasuna duten kideek, baina horien artean ere ez dituzte identifikatu akusatuak.

Horiek horrela, ez da betetzen «jurisprudentziaren arabera akusazioaren xede den delitua gerta dadin beharrezko den baldintzarik», alegia, «noizbehinkako erabileratik harago, bertan geratzeko bokazioa eta etengabeko jarduna».

Epaiketa aurreko ostegunean izan zen. Fiskaltzak 22 gazteetatik soilik hiru akusatu zituen, eta 630 euroko isunak eskatu. Nafarroako Gobernuak, ordea, 900 euroko isuna eskatu zituen ikertuetako bosten aurka, 990 hamarren aurka eta 1.080 beste zazpien aurka. Gainera, 34.168 euroko kalte-ordaina eskatu zuen.

«Errepresioa ez da amaitu»

Maravillasetik «absoluzioa ospatzen» dutela azaldu zioten GARAri. «Frogen oinarri falta eta testigantzak ikusita, logikoa zen; hori bai, epaiketa justuak existitzen diren mundu baten ikuspuntutik».

Hala ere, errepresioa ez dela amaitu ohartarazi zuten. Izan ere, guztira 60.00 euroko isunak ordaindu behar dituzte hainbat pertsonak, eraikinaren huste prozesuaren ondoren egindako protestengatik Mozal Legea aplikatu baitzaie.