M. BIDARTE
DONOSTIA

«Gogoz, Naiz Irratiko entzuleei asteko reggae dosia emateko»

Naiz Irratia, urratsez urrats, bere eskaintza aberasten ari da eta, gaurtik aurrera, ortzegunero izango da «Reggae Fever» irratsaioa. Jamaikan 60ko hamarkadan loratu ziren estiloak jorratuko ditu saioak: ska, rocksteady eta reggaea. FM zein «streaming» bidez zabalduko da zuzenean eta ohiko «podcast» plataformetan ere entzungai izanen da.

Gaur abiatuko du bere ibilbidea “Reggae Fever” saioak Naiz Irratian. Saioaren izenak «reggae sukarra» erran nahi du, ez dio misterioari leku handirik uzten, «zehazki musika jamaikarrari buruzko saioa da. Are zehatzago, 60ko hamarkadan Jamaikan sortutako ska, rocksteady eta reggaeari buruzko saioa», esan du saioaren gidari Eneko Alkorta Larburuk.

Eneko Alkorta sortzez lasartearra da, baina egun Zangozan bizi da. Leku batetik bertzera mugitzeko alferkeriarik ez du reggaea bada aitzakia, dela kontzertu bat, dela “pintxada” bat, berea edo bertze batena. Hori bai, hemendik aitzinera, ortzegunero, gaueko hamarretan, Naiz Irratian jarri du hitzordua entzuleekin.

Info7 irratian hasi zuen ibilbidea “Reggae Fever” saioak eta orain Naiz Irratira salto egin du. «Gogoz eta ilusioz nago entzuleei asteroko reggae dosia eskaintzeko, zeren gogoratu: reggae sukarra ona da!», dio Alkortak. Denboraldi berria aldaketekin dator, gainera; «gero eta gehiago dira estilo hau pintxatzen dutenak eta lekua egin nahi diet saioan», eta horretarako sortu du “Selektorearen txokoa” tartea. Horretaz gain, aurreko denboraldiei fidel, 60ko hamarkadako klasikoak entzungo dira, baita azken nobedadeak ere. Hori guztia ordubeteko saioan.

«The Reggae Train»

Euskal Herriko reggae sukarraz galdetuta, baikor erantzuten du Alkortak. Egun loraldi batean gaudela dio, astero daudela reggae bestak nonahi, kolektiboak jaio direla han eta hemen, eta horren adibide ere badela 2018ko urtarrilean abiatutako “The Reggae Train” kontzertu ibiltaria –bera antolatzaile taldean dabil buru-belarri–.

Euskal Herri osoan egiten diren reggae ekimenak biltzeko helburuarekin jaio zen “The Reggae Train” ekimena. Lurraldez lurralde Euskal Herriari lehen bira eman diote eta bigarren itzuliari ekingo diote datorren azaroaren 9an, Baionan, Magneto antzokian.

Hain zuzen, gaurko saioan primizian adituko da lehendabiziko aldiz Jah Goikoa Ta Reggae Zaharra taldeak ekimen horretarako sortutako abestia.

“Reggae Fever” FM bidez eta streaming bidez entzun ahal izanen da zuzenean, eta nahieran ohiko podcast plataformetan eta Irratia.naiz.eus-en.