Amagoia MUJIKA TELLERIA
GIPUZKOAKO BERTSOLARI TXAPELKETA

OIHANA IGUARAN NAGUSI AZPEITIAN

BERTSOLARIAK GOZATZEN DUENEAN BERTSOZALEAK DISFRUTATU EGITEN DU. ATZO AZPEITIKO PLAZA GOZATZEKO ZEGOEN. OIHANA IGUARAN GAILENDU ZEN, IñIGO MANTZIZIDOR BERTAN-BERTAN ZUELA PUNTUTAN. ETA GERTU NEREA ELUSTONDO ETA ALAIA MARTIN. PAREKOTASUN GOZAGARRIA.

Koska bat gora Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Atzo, Azpeitiko Soreasu antzokian, final-laurdenetan laugarrena jokatu zen. Seikote ederra, bakoitzak bere tokitik kolore propioa eman zion saioari eta denen artean goitik eraman zuten. Puntuetan puntakoa izan zen eta hamar puntutan lau bertsolari kabitu ziren. Esanguratsua. Lehena, Oihana Iguaran izan zen. Hasi eta buka lan ederra egin zuen eta askotan lortu zuen publikoa hatzez ukitzea. Iñigo Mantzizidor “Mantxi” bigarren tokian geratu zen, puntu eta erdi eskasera.

Hain justu, bien artean josi zuten arratsaldeko une distiratsuetako bat –eta dezente izan ziren– seiko motzean. Herriko parkean, jendeak ohitura omen Ama Birjinari txanponak botatzeko. Txanpon mordoari begira Iguaran eta Mantxi. Mantxiren bigarrena: «Gu gera biko umila/ jatorra eta hurbila/ txikiteoa hasteko ordea zai degu kuadrilla/ ni bi eurokoen bila/ ta zuk xentimoak pila/ ta Ama Birjina ere gurekin etorri dadila». Eta Iguaranen erantzuna: «Al zaude burutik jota/ harriz egina dago ta/ hori askatzeko ekarri al dezu zintzel bat ta soka/ hobe tabernan itota/ altxa kopa bere kontra/ dagola hemen ta bere alde in dezagun topa».

Iguaranek apartatzeko moduko gehiago ere utzi zituen, oso goian eutsi baitzien ariketa guztiei. Esaterako, arratsaldeko beste une oso berezi batek ere Iguaranen sinadura izan zuen, Nerea Elustondorekin batera hamarreko txikian. Biak duela urtebete alargunduta, Iguaran egoera berrira moldatzen. Oso sinesgarri eta intimo osatu zuten.

Bigarren geratu zen Mantxik benetan saio ona egin zuen, ideiak, joskerak, esateko erak oso modu naturalean saldu zituen eta halaxe erosi zizkion publikoak. Beste une bat zortziko txikian, Amaia Iturriotzekin batera. Aita eta alaba ziren. Etorkizuneko itxura iragartzeko aplikazio horietako batean Iturriotzek aitaren antz handia igarri zion bere buruari. Iturriotzen hirugarrena: «Alperrik kirurgia ta kontu odoltsu/ ideia aldatu dut ta nago gogotsu/ igual izan nahi nuke zahartzean gero zu/ itsusi xamarra bai baina zoriontsu». Eta, Mantxik, errematea: «Alaba maite zaitut ta ez egin atzera/ ta alperrik ez joan ispilu ertzera/ nahiz igual zu itsusi izan nere antzera/ zu lasai ama bezain sinpatika zera».

Hirugarren tokian geratu zen Nerea Elustondok saio ona osatu zuen. Hauxe zuten kartzelako gaia: Famatua zara. Bada urte erdi inork ez dizula elkarrizketarik egiteko deitzen. Eta hauxe, Elustondoren azkena. «Neronek badet nahiko aurpegi ta hizketarako nibela/ nahiz ta poeta haundia ez izan badaukat nere nobela/ urte erdi da azken aldikoz nitaz oroitu zirela/ eta nahiz horrek nere barrua bihurtu horren goibela/ jakintzazue badaukadala asmo haundi ta itzela/ hurrengo urtean aurkeztuko naiz/ Gran Hermanora horrela/ ta ETBko gizajo hoiek izorratu daitezela». Tira, kartzelakoa amaitu eta aulkian esertzeko modu gogoangarria, zalantzarik gabe.

Laugarrena, Alaia Martin. Saioan barna akaso lotu samar, kartzelakoan askatu, gozatu eta gozarazi zuen. Hauxe, bigarrena: «Famatua zen txilborran barrenean zen pelusa/ jausten zitzaidan ile bat edo azaleko geruza/ denak eta azkazalak nola pinta nola luza/ dena zen argi ta foku, dena opari, dena luntxa/ dena zen arrakasta, estetika, ebakuntza/ baina joño hau omen da star sistem-aren funtsa/ arima nintzela uste ta azkenean gorputza».

Bosgarrena, Amaia Iturriotz. Oso ondo eutsi zien ariketa guztiei eta arrazoiketan punta ederrak zorroztu zituen. Seigarrena, puntutan koska handia izan arren hain atzean sumatu ez zen Iñaki Gurrutxaga.