Korrikalarien rankingean bi oñatiar erregularren
Euskal Mendizale Federazioak antolatutako traileko edo mendi lasterketetako zirkuituaren irabazleak Ainara Uribarri eta Xabi Lete izan dira seniorretan. Denera, hogeita bi lasterketa jokatu dira.
Euskal Mendizale Federazioak trailean edo mendi lasterketetan zuen egutegi ofizial luzea amaitu da. Eta luzea diogu, besteak beste, lehen lasterketa urtarrilean jokatu zelako, eta azkena, berriz, astebete pasatxo. Hori, bederen, Ranking zirkuituari dagokionez.
Gogoratu behar dugu Euskal Herriko Kopa zela korrikalari erregularrenak saritzen zituena. Baina EMFk hitzordu hori alde batera utzi eta Ranking izeneko zirkuitua jarri du martxan.
Aurtengo ekitaldiari dagokionez, denera 22 lasterketa jokatu dira. Den-denak, Hego Euskal Herriko hainbat txokotan. Distantziak, berriz, “kolore” ezberdinetakoak izan dira. Baina federazioak zirkuitu honetan ez dio lehentasunik eman diziplina bakoitzeko lasterkari sasoikoenari. Horretarako, hiru euskal txapelketa antolatu zituen: ultra distantziakoa, lineakoa eta bertikala.
Rankingarekin, aldiz, korrikalari erregularrenak saritu nahi izan ditu. Eta 22 proba izan dituen zirkuitu luze horretan, seniorretan, honako bi protagonistak nabarmendu dira: Ainara Uribarri eta Xabi Lete. Biak ala biak oñatiarrak dira.
Hamar hilabete igaro dira lehen lasterketa, Kalamuako jaitsiera, jokatu zenetik. Mayi Mujika eta Joseba Plaza gailendu ziren. Lehen irabazleak horiek izan ziren, baina probek aurrera egin ahala, behin-behineko sailkapena askotan aldatu da.
Hogeita bigarren eta azken hitzordua Urduñan izan zen. Ordurako, sailkapen nagusiko podiuma ia argituta zegoen. Andrea Garay eta Kepa Vallejo izan ziren irabazleak.
Jarraipena
Zirkuituan zehar eman diren datuei begiratzen badiegu, azpimarratzekoa da Asier Muguruza izan dela lasterketa gehien jokatu dituen korrikalaria; denera, 11 probatan hartu du parte. Rankingaren alde apustu sendoa egin duten beste hiru lasterkari ditugu; hauek hamar hitzordutan parte hartu dute. Eta azken datu bat: 27 lasterkari 6 proba baino gehiagotan aritu dira.
Aipatu bezala, seniorretan Uribarri izan da erregularrena. Jardun den zortzi hitzorduetan ez du garaipenik eskuratu, baina bigarrena izan da horietako bitan eta beste hirutan hirugarrena. Garazi Sampedrok zilarra lortu du, eta Montse Morotek, brontzea.
Letek, berriz, garaipen bat erdietsi du, eta hiru lasterketatan hirugarren izan da. Jon Vegas podiumaren bigarren kutxara igo da eta Igor Olalde, hirugarrenera.
Juniorretan ere Uribarri nagusitu da. Lide Urrestarazu eta Idoia Martinez izan ditu atzean. Mutiletan: Eki Imaz lehena, Ander Villanueva bigarren eta Iñaki Latasa hirugarren.
Azkenik, kadeteen mailan, Irene Iturria izan da lehena, Amaiur Zuazua bigarren eta Eider Irizar hirugarren. Julen Goenaga erregularrena izan da mutiletan; atzetik Ion Cabada eta Jon Razkin sailkatu dira.