Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Ondo bidean, irri

Gupida barik aurreratu den negu honetan, eta zurrunbilo politikoa buruko min kronikoa eragiten ari zaizuelakoan irriren bat eragitearren, pasadizo polit bat kontatzera natorkizue. Joan ginen zapatuan Itzi laguna, Haika txakurra eta ni neu pentsiodunek Bilbon antolaturiko manifestaziora, haiei elkartasuna agertzeagatik barik haien auzia geurea ere badelako, garrantzitsua delako ikusaraztea arazoak ez direla belaunaldien arabera estankoak, dena dagoela lotuta eta denak eragiten diola denari, boteretsuek guri eragiten digutela eta guk haiei ere eragin diezaiekegula; han egon nahi genuelako gure ‘zaharrekin’, guregatik ere borroka honetan nekatu barik dihardutenekin, modu miresgarrian jardun ere.

Han geunden, tarteka oihu eginez, tarteka gure artean kontu-kontari, eta txakurra lasai asko espaloiko gauza oro miatzen. Halako batean, polizia bat pasatu zen kontrako norabidean motorrean, guztia miatzen hura ere, manifestazioko guztiok, alegia. Hura ikusi bezain laster, txakurra zaunka betean hasi zitzaion, heltze-txakur totala balitz bezala, «Alde hemendik» garbia adierazi nahian. Poliziak susto ederra hartu zuen, baina aurrera segitu zuen, azkarxeago, hori bai. Orduan, txalo-zaparrada beroa zabaldu zen manifestarien artean, algarak eta aldarriak, “Animaliak ere, pentsiodunen alde!”, “Zakurrek ere badakite: polizia asko, dibertsio gutxi”, esaterako.

Une esanguratsua izan zen, ederki irudikatzen duena herritarrok geure burua adierazteko, protesta egiteko edota dagozkigunak aldarrikatzeko eskubidea egikaritzen ari garenean, poliziaren presentziak, Anaia Zaharraren begi zabalaren zaintzak, zein artega jartzen gaituen, zer-nolako ezinegona eragiten digun egiaztatzeak herritarren babesarena-eta lauzpabost herritarrentzat dela, eta horiek ez direla izaten gobernuei eskakizunak egiteko, kargu hartzeko eta presioa eragiteko manifestazioetan, preseski. Une polita izan zen, gainera, euri-jasatik babesteko hainbeste esku hotz eusten ari ginen aterkien pean gogoa berotu zigulako inguruko guztioi, elkarri irri egin geniolako, eta, batez ere, itxaropentsua delako jakitea urteetan aurrera egin ahala borrokarako grina, borrokaren jomugak, ez direla atzetik datozen belaunaldienen hain bestelakoak, zaharragoak izanagatik ere ederki segitzen dugula jakiten, erosotasunean erori barik, parean polizia jartzen digutenean ondo bidean goazen seinale dela, deseroso gu, baina deseroso haiek ere badaudela.