Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Orduan, ordutik

Bi urteko alaba du eskola-garaiko nire lagun minak, eta bakarrik izan zuen umea, ilehori begi urdin jator askoa. Barrezka gogoratu nion, aurreko batean, nola erantzunarazten zigun neska-kuadrillakooi bere galdera hura: «Alaba bat izango bazenute, zer nahiago zenukete izatea heldutan, ederra ala azkarra?» Ezin biak izan, bestela ez zegokeelako eztabaidarik, eta ika-mika eragitea zen kontua, geure ikuspegiari neurria hartzea: zerk sufriaraziko lieke gutxiago hurrengo belaunaldiko neskei, irudiak ala adimenak.

Gaztetxoak ginen orduan, baina ordurako nahiko argi sumatzen genuen gure sexukook sailkatzeko kategoriak oso mugatuak –eta ankerrak– zirela bai ingurune hurbilean bai «jendartean», hor kanpoko masa ezezagunean, noizbait nahitaez bertan murgildu eta ingurune izango genuen horretan. Bagenekien emakumeek zailago zutela dena, bizitza pertsonal-laboral-sozialean, eta, ondorioz, beti izango genuela sufrimendu erantsia jasateko probabilitate saihetsezina. Eta guk, orduan jada, hori murrizteko gakoa, are desagerraraztekoa ere, topatu nahi genuen, bizitzak gizaki orori erreserbatzen dion kolpe-kopurua eta ez gehiago pairatzeko.

Orduan, kolpe horiek ez ziren fisikoak gure gogoan, irudikatu ere ezin genuen egin bikotekideak behin eta berriz iraintzea edota astintzea, halere harekin jarraitzea, isilik eta hilik baino okerrago bizitzea; genero-indarkeria ezin genuen irudikatu, are gutxiago berekin dakartzan ertz guztiak, gerora urruneko masa erraldoi hartan, jendarte honetan, bizi izanez ikasi ditugun guztiak… bertan bizi garelako, emakumeak garelako, begiak eta belarriak itxita bizi ez garelako, emakumezko arbasoak, ondorengoak, lagunak, lankideak, auzotarrak… ditugulako ikasiak. Ikasita, halaber, edertasunak ala adimenak, edo adimenak eta edertasunak, bakarrak eta mugatuak ez izateaz gain, ezer gutxi dutela zerikusirik kolpe-kopurua handitzeko edo murrizteko orduan; horretan, nolakotasun jakin bat gailentzen dela, beti, aberats zein pobre, hemengo zein hango: emakumetasuna, izan berezkoa, izan hautatua.

Ordutik, ezer gutxi aldatu da hori, baina bai aldatu eta hedatu dira kontzientziak, feminismoak, borroka egiteko sareak, arretak, heldulekuak… emakumeon kontrako indarkeria ororekin amaitzeko gure gako antsiatu haiei kolektiboki, zabalki eta bakerik eman gabe heltzeko konbentzimendua.