Josebe EGIA
ZIRIKAZAN

Saltzen ez denaz

Ez daukat zalantzarik Olentzero eskukada bete klitori-xurgagailu ibiliko dela aurten: ez da garestia, ez da jostailu sexual ohikoa –falikoa eta sarketara bideratua, alegia–, eta itzela omen da. Gustatzen zait pentsatzea zenbat andre egongo diren pozarren jostailuarekin, umeak bezala, senide guztiek alde egiteko irrikan, oparia abian jarri eta mundu guztiak dioena hala ote den egiaztatzeko, hots, egundoko orgasmoak ahalbidetzen dituela.

Tramankulua izaten ari den arrakasta eta oihartzuna ikusita, azkar asko jabetzen gara, horretarako borondatea izanez gero, noski, zer-nolako hutsuneak ditugun oraindik sexualitate femeninoaren esparruan, ezagutzaren eta jardunbideen aldetik, edota zer-nolako gabeziak geure bizitza sexualaren asebetetzean. 2019. urtean xurgagailu txiki batek klitoriaren presentzia eta ahalmena, are boterea ere, nabarmentzen ari den moduan nabarmentzea oso adierazgarria da: ez al genekien lehendik ere, aspalditik? Ez al digute erakutsi, ez al gara erakusten ari? Ez al du ezinbestean behar duen tokia sexu-heziketan, sexu-elkarrizketetan, sexu-praktiketan? Zergatik halako ustekabe, grina eta erosketa-kopuru neurrigabea?

Txundituta nauka fenomenoak, egia esan. Ez dut ezer, eta sekula ez dut izango, norberaren gozamenaren alderdi guztiak esploratzeko balio duen edozer fisiko zein psikikoren kontra, are gutxiago eragingo badu oraindik ere tabua den sexualitate femeninoa alfonbra astun horren azpitik atera eta hari buruz naturaltasunez, zintzotasunez, gaitzespenik eta lotsarik gabe mintzatzea, emakumeon nolakotasun guztien ikuspegitik eta ez besteren gogoa asetzeko tresna bakarrenetik. Behingoz eta betiko. Halere, eta jostailua merkaturatzen duten enpresak egiten ari diren marketin-kanpaina masiboak alde batera utzita, garbi baitago produktuaren mirarietan eta ez beste ezertan jarriko dutela fokua, faltan botatzen ari naiz gehiago azpimarratzea (artikulu, blog, sare sozialetan eta abarretan) ederto batean pasatzeko, dela bakarrik, dela lagunduta, andreok ez dugula nahitaez ezein trepetaren beharrik, ez dugula zertan euro bat bera ere gastatu: atzamarrak ditugu, eta onena da guk geuk ezartzen diegula abiadura eta presioa, modu instintibo zoragarrian, eta hori da onena: instintua ez da izorratzen, eta ez zaizkio pilak agortzen.

Irudipena daukat ideia hori dela, hain zuzen, geure sexu-gozamena geure kabuz ase dezakegula, kanpoko ezer edo inorengana jo behar izan gabe, inola ere saldu nahi ez dena, erabat gustukoa ez dena.