Julen Murgoitio
ZORROZTARRIA

«Ale-hop! Status berria quo!»

Ez dakit zergatik, baina bolada luzean ari zait gertatzen. Gauez, ilargiaren erdian ametsetan nagoela, kolpe batean esnatu eta, hara!, “Lau teilatu gainean” hasten naiz kantuan, batera eta bestera mugitzen, ohetik jausi, gorantz begira, eta berriro igota, putzada batekin putz, loa niregana noiz etorriko zain, berriz izateko zoriontsu, nire aurreko ametsetan. Goizean goiz altxa eta ni nora kantua atzean hara, komun-aldia bera errespetatu gabe. Tira, ezin ukatu doinu alaia dela. Ezin imajinatu kanpaina “Agur Jauna”-rekin edo “Gaudeamus igitur”-ekin!

Total, ilargia den lekuan dela ere, teilatua beti teilatu … eta oinarriak beti oinarri. Hala ere, politikaren orubeko arkitekto batzuek ez dituzte bata eta besteak desberdintzen, eta estatus berrirako aurrez jarritako oinarriei lege-teilatua emateko eskaerari oinarririk gabeko betiko teilatua eskaini diote; hori bai, teilatuko hegal bakoitzean nork bere oharrak eginez, testu-hegalak edo. Finean, estatus berria eskatu eta statu quo berria eman. Quo vadis? Zenbat buru hainbat artaburu! Adituak baino gehiago arituak behar, eta batzordeak baino ariguneak! Bestelako ahobizi eta belarriprestak!

Batzuen hausnarketen sakona txikiagoa da autopista bateko udako ur-putzu batena baino. Gutxieneko sormen mailara heldu gabe ezin Azokan lekua izan! Ama, ama! Zenbat kalte egiten ari diren lege zaharrak! Eta Jainkoa bera! Agur “Beh-Hur”! Pentsatzen nago, hausnartzen ongien dakitenak larre zabaleko behiak direla. Eta hara! Horiei bota klima aldaketa larriaren ardura.

Bada, nago ni, horren eragile handienak aldaketen beharraz hausnartzen ez dakitenak direla eta horien aho-putzak behien puzkerrak baino kaltegarriagoak direla. Klima aldaketari kaletik borrokatzeko modua Gabonetako kale-bonbillak izatea ere… Gogoeta kontuan asko dugu behien hausnarketatik ikasteko!