A. G.
E

Mann Filterri irabazita, Araski Kopan izango da

Bi jardunaldi falta dira Emakumeen Endesa Ligako aurreneko itzulia amaitzeko eta, ondorioz, Koparako zortzi sailkatuen izenak jakiteko. Lointek Gernika Bizkaiak duela pare bat aste lortu zuen txartela, IDK Gipuzkoak ia ezinezko du Salamancan izatea otsailean eta RPK Araskik, aldiz, garaipen bat lortu behar du zortzi aurrenekotan izateko.

Zaragozako Mann Filter izango du 18.30ean aurkari talde gasteiztarrak Mendizorrotzan. Araskik baino bi garaipen gutxiagorekin, 4-7 balantzeaz, bederatzigarren dira Aragoikoak, joan den asteburuan Ensinori 71-68 irabazita. Hempe pibot estatubatuarrak 22 puntu sartu zituen neurketa horretan.

Hori gutxi ez balitz, jokalari bat gutxiagorekin ariko dira Madelen Urietarenak. Izan ere, asteon Aishah Sutherland hegal-pibotari kontratua etetea erabaki du klub arabarrak, nahi baino errendimendu eskasagoa eskaini baitu Belizeko pasaportearen jabe den jokalari estatubatuarrak. Sutherland bigarren jardunaldian iritsi zen, Caliya Robinson estatubatuarraren lesioa zela-eta. Ondorioz, gasteiztarrak beste pibot estatubatuar baten bila hasi dira, baina presarik gabe, Van den Adel, Tamara Seda, Laura Pardo eta Raquel Carrera lan ona egiten ari direlako.

Aurkari oso zailak

IDK Gipuzkoaren eta Lointek Gernika Bizkaiaren partidak ordu erdi lehenago hasiko dira, 18.00etan. Lan txarrak bientzat ala bientzat, Valentzia Basket eta Perfumerias Avenida izango baitituzte aurrean, hurrenez hurren.

Etxean jokatuko dute donostiarrek, baina hori orain arte ez da inolako abantaila izan Azu Muguruzaren taldearentzat. Joan den asteburuan Joyce Coussins-Smithek presioaren aurrean zenbat sufritu zuen ikusita, beldurra ematen du Anna Gomez eta Qeralt Casas gainera etorri dakizkiokeela pentsatze hutsak. Alabaina, gipuzkoarrek etxeko lanak egin beharko dituzte sailkapeneko atzeko postuetatik hanka egiteko.

Gernikarrek asteazkenean, hilaren 18an, jokatuko dute Bielorrusian, Emakumeen Eurocupeko kanporaketaren joaneko dema. Gaur Salamancan sorpresa ematen saiatuko dira. Europako txapelketan ia lortu bazuten, zergatik ez orain?

Tout sur E