Amagoia MUJIKA TELLERIA
SAIOAREN LEHEN PARTEA

ILLUNBEKO BOROBILARI ERTZAK, ZORTZI TOKITATIK

ILLUNBE LEHERTZEN DENEAN LURRAK DARDARA EGITEN DU ETA EMOZIOEK SALTO. SEI MILA LAGUN BILDU ZIREN BOROBILERA ETA BERTSOLARIEK MARKATUTAKO TONTORRAK TXALOZ IGO ZITUZTEN. ETA ZORTZIKOTEAN DENEK IZAN ZUTEN BEREA.

Ba, bai, buruz burukoaren aurreko kinieletan Alaia Martinen izena nagusitzen zen. Oso goitik osatu zuen saio osoa, oso bere pausoan, oso seguru eta gozatzen. Zortziko txikian Jon Maiarekin batera josi zuen arratsaldeko une “frikienetako” bat, hitzari merezi duen dotorezia guztia emanez. Okindegi bateko langilea Martin, azken orduan saldu gabeko ogiak oparitzen zituena. Beti azken unean sartzen zen bezeroa Maia. Martinek oso ateraldi bereziak izan zituen, lehenengoan «hurrena esango dizut txapata dagola», bigarrengoan, «ni jator-jatorra naiz ta eskuzabala eta zu berriz zara xurra integrala». Plazan askok jenialtasuntzat jo zituztenak, epaileek ez zituzten maila berean baloratu. Bakarkakoan ere bikain aritu zen eta, orokorrean, Alaia Martin hegan buruz burukora zihoala zirudien. Horrek sentsazio mikatz samarra utzi zuen Illunben, berari mikatzena segur aski. Azkenean, Alaia Martin hirugarren.

Laugarrena, Nerea Elustondo. Bere beldurren gainetik, plaza ez zitzaion handi geratu. Are gehiago, asmatu zuen zartagin borobila bere modura astintzen. Zortziko handian Alaia Martinekin oso txukun. Biak haurdun zeuden emakumeak ziren, Elustondo parean harrapatzen zuen guztia irakurri eta ikasi nahian. Alaia, ez. Hauxe, Elustondoren hirugarrena: «Baina hortik gora egon behar da guraso baten nibela/ aukera baita haurtxo txikia “duermete niño” bestela/ ahal dudan dena ikasiko dut neronek behintzat ahal dela/ ta ahal detena egingo det gero beste guztiek bezela». Zortziko txikian ere lortu zuen plaza altxatzea, Agin Labururekin batera. Bakarkakoan doinuarekin irrist egin zuen une batean. Illunbek txaloz gozatu zuen eta Elustondok irribarrez erantzun, bere-berea duen moduan.

Bosgarrena, Oihana Iguaran. Arratsaldeko une politenetakoa osatu zuen hamarreko txikian Beñat Gaztelumendirekin batera. Hauxe zuten gaia: Pailazoak zarete. Oholtza izkinatik aretoa betetzen ari dela ikusten duzue. Iguaranen lehena: «Pixkana doaz sartzen ume eta heldu/ denen ilusioa suma dezakegu/ emanaldi onena eskainiko degu/ jendeari eskerrak indartsu gaude gu/ Udalak hustu zuna herriak bete du».

Seigarrena, Ane Labaka. Bere lehen finalean presente egotea, beretik ematea eta gozatzea lortu zuela begitandu zitzaigun. Hamarreko txikian, Beñat Lizasok eta biek, ariketa oso interesgarria osatu zuten. Bortxatu zuten emakume gazte baten gurasoen ahotik. Kazetariak etxe azpian zituztela-eta, Lizasok lehen bertsotan bota zuen, «jende askok jaten du besteen minetik». Eta, Labakak, erantzun: «Kamarak guregana dituzte okertzen/ baina bortxatzailea ez da inon agertzen».

Lizasok besoak altxata agurtu zuen Illunbe. Ez da seinale txarra. Oso final dotorea osatu zuen, irribarretsu bukatzeko moduan. Zortzigarrena, Jon Maia, dotoreziaz agurtu zuena plaza. «Hauxe aitortuko det gainera egitan/ bertsolaria izan nahi nuke haunditan». Illunbekoa, berriz ere festa eder bat.