Andoni ARABAOLAZA
HANIFA YOUSOUFI, ESKUBIDEEN BOZGORAILU

EMAKUMEEN AHALDUNTZEA AFGANISTANGO MENDIETAN

Afganistanen emakumeek jasaten duten errepresioaren zamari aurre egiteko, hainbat gaztek mendi gailurretan aurkitu dute jardunbidea. Hanifa Yousoufiren kasua da: herrialdeko mendi garaienera igo den aurreneko emakumezko afganistandarra bihurtu da.

Hanifa Yousoufi du izena. Emakumezko afganistandarra da. Bi esaldi horiekin ez dugu uste azalpen argirik ematen dugunik. Eta hala da. Argibide gehiago eman ditzakegu. Joan den udaran, Yousoufik Noshaq mendia (7.492 metro) eskalatu zuen. Hots, bere herrialdeko mendirik garaiena. Hori egiten lehenengo neska afganistandarra izan da.

Kirolaren ikuspuntutik begiratuta, baten batek adieraziko du ez dela berri azpimarragarria; izan ere, Noshaq mendiak igoera asko izan ditu. Baina Afganistango errealitate politikoa ezagutzen duenak jakin badaki emakumezko batek errepublika islamiko horretan ez duela eskubiderik. Nazioarteko erakundeek nabarmentzen dutenez, emakume batentzat Afganistan munduko herrialde arriskutsuenetarikoa da. Eta Yousoufik egoera gordin hori bizi izan du. Ezagutzen ditu muturreko islamismoaren basakeria guztiak.

Familia txiro batean hazi zen. Zortzi anai-arrebetatik gazteena da. Eta emakume gehienak bezala, Yousoufi letragabea da. Urtebetetzerik ospatu ez duenez, zehatz-mehatz ez daki zer adin duen: «Uste dut 23 urte ditudala. Nire haurtzaroan ez nuen aukerarik izan pilota batekin jolasteko edo handik eta hemendik korrika egiteko. Ez dut oroitzapen zoriontsurik. Etxetik apenas irteten nintzen, eta ia beti anaia baten konpainian. Urteek aurrera egin ahala, garbiketa lanetan hasi nintzen. Eta 15 urterekin, adinean aurreratuta zegoen gizon batekin ezkontzera behartu eta Pakistanera bidali ninduten. Miseria gorri hori jasateko prest ez nengoenez, ihes egitea erabaki nuen. Depresioan erori nintzen. Alabaina, emakume afganistandar asko ez bezala, zorionekoa izan nintzen ez nindutelako hil».

Senarraren nahikerien esklabo bizi zen: kozinatu, garbitu... eta Yousoufik berak gogorarazi nahi ez dituen beste gehiegikeria batzuk. Infernu horretatik egin nahi zuen ihes, ezin zuen jasan gizon horrek inposatzen zion bizitza. Kateak apurtu nahi zituen: «Une jakin batean neure buruari gogor egin nion. Eta honako galdera askatzeko lanean jardun nuen: ‘Gizon horrek ezin dit bere bizitza inposatu. Nik neurea daukat, eta erabaki dezaket zer egin nahi dudan. Ez dut gizon horrekin bizi nahi’».

Kate horiek bi urtera hautsi zituen. Ihes egin eta Kabulera itzuli zen. Senitartekoen etxera heldu zenean, beldur zen; gurasoek zein bizilagunek baztertuko zuten beldur. Gogoratu behar dugu Afganistanen erabaki bera hartu duten emakume gehienak ostrazismora kondenatu dituztela: azidoarekin erre dituzte, sudurra ebaki diete... Eta batzuk, senitartekoak lotsarazteagatik, hil egin dituzte. Baina Yousoufik berak onartu duenez, zortea izan zuen: «Gurasoek babestu ninduten, min handia hartu zuten kontatu nienean senarrarekin zorigaiztoko bizitza izan nuela. Dibortzioa lortu nuen, baina urte batzuetan ez nintzen etxetik irten. Uste nuen jendea gaizki esaka zebilela. Haatik, nire bizitza erabat lasaitu zen; ni lasaitu nintzen».

2015. urtean, Ameriketako Estatu Batuetako Ascend: Leadership Through Athetics izeneko erakundeak hainbat neska gazte afganistandar “kaptatu” zituen. Tartean Yousoufi zegoen. Erakunde horrek Afganistanen bertan egiten du lan, eta gazte horiek kirolean ahalduntzea du helburu. Mir Samir mendian historia egin nahi izan zuten, eta lortu zuten. 17 eguneko espedizioa izan zen, eta hura aurrera eraman ahal izateko “adinekoen kontseiluko” ordezkarien trabak gainditu behar izan zituzten.

Yousoufi, berriz, urtebete beranduago sartu zen ekimenean: «Hastapenetan, ezin nuen abestu, dantza egin edo beste neskekin jolastu. Bazter batean egon nahi nuen. Baina mendia ezagutu nuenetik, beste emakume bat naiz; eraldatu ninduen! Bat-batean, nire bizitzak itxaropena hartu zuen. Nire lehen eskarmentua, nire lehen abentura, berezia izan zen oso. Bidezidor-kirola praktikatu genuen, baina gauez. Nire senitartekoak ez zeuden batere ados egiten ari nintzenarekin. Baina nik hori egin nahi nuen. Esaten zidaten gazte batek kirol hau ez lukeela egin behar. Eta, beraz, ez zeuden batere pozik nik hartutako erabakiarekin. Nire bizitza guztia oztopoak gainditzen egon naiz; egun egiten ari naizenarekin, berriz, pentsamendu ezkorrak albo batera uzteko aukera izan dut».

Alabaina, aitortu du askatze prozesu hori oso gorabeheratsua izan dela. Hasieran, gurasoek zein bizilagunek ez zuten begi onez ikusi gazteak hartutako bidea. Gogor kritikatu zuten senarrarengandik banantzeagatik, eta horregatik animatu zuten berriro ezkontzera. Baina Yousoufik ez zuen etsi nahi: «Nire kide batzuentzat Ascend erakundean sartzea gauza ederra zen, urrats liberatzailea eta jarduera batean kontzentratzeko balio zien. Baina niretzat biziraupen kontu bat besterik ez zen izan».

Mendizale atzerritarrentzat ez bezala, joan den udara arte, Noshaq mendia emakume afganistandarrentzat ez zen existitzen. Eta hutsune hori betetzeko ohorea izan duena Yousoufi izan da. Gazte honek, bederen, berebiziko garrantzia ematen dio: «Nire bizitzan gauza handi bat lortu dut; Noshaq mendian eginiko igoerarekin hala bizi izan dut».

«Inspirazio iturri»

Erakunde estatubatuarrak bazekien erronka gogorra zuela aurretik, gazte horiek mendi garaietan eskarmenturik ez zutelako. Mendi-gidarien laguntzarekin entrenatzen hasi ziren. Yousoufik adierazi duenez, topera bai, baina gustura jarduten zuten: «Gimnasioan pisuak altxatu eta egunero zinta batean ordu eta erdiz korrika egiten genuen. Horretaz gain, astean behin 15 kilometroko ibilaldiak. Bamyian eskualdera eraman gintuzten ere. Hamar egunez, denetarik egin genuen: kanpina, bidezidor-kirola, eskia...».

Sasoiko jarri zirenean, Noshaq mendiak zain zituen. Gerra zibilaren eta talibanen nagusitasunaren ondorioz, Afganistango mendi garaiena 30 urtez itxita egon zen. Iragan udan irekita zegoen, baina egoera oso ezegonkorra zen: «Noshaq igotzeko prestatzen ari ginela, Badakhshanen talibanen eta Armadaren artean liskarrak egon ziren. Ez genekien zer gertatuko zen. Borroka horiek geure planak aldatzera behartu gintuzten; hegaldiak aldatu genituen, Noshaq-era beste inguru batetik hurbildu ginen... Oso arduratuta geunden, eta nire kasuan ez nengoen batere lasai. Baina kanpaleku nagusira heldu ginenean, hobeto sentitu nintzen».

Mendiaren oinarrian ziren, bai, baina lehen urratsak egin aurretik Ascend erakundeko kideek ez zuten oso argi aurrera jarraitzeko aukera izango ote zuten. Horren errua poliziako agintariek izan zuten. Ez zuten nahi emakume afganistandarrak han egotea, eta erabat gaitzetsi zuten Noshaq igotzeko asmoa. Afganistango mendi garaiena eskalatu nahi zuten neskak polizien aurrean jarri ziren, baita argi utzi ere ez zituztela geldituko: «Nahi izanez gero, tiro egin».

Igoerari buruz aurreratu behar dugu taldekide guztien artean soilik Yousoufi nabarmendu zela: bera izan zen gailurra zapaldu zuen bakarra. Onartu du pozarren zegoela. Batetik, Noshaq mendiaren gailurrean egon zelako, eta, bestetik, uste duelako emakume afganistandarrentzat balentria hori lagungarri izango dela: «Berezia izan zen oso tontor horretan egotea. Niregatik poztu nintzen, baina, era berean, emakume afganistandar guztiengatik. Horrek guztiak argi eta garbi uzten du oso indartsuak garela. Uste dut egun nire herrialdeko beste emakume batzuentzat eredu naizela; hots, nik egindakoa haientzat inspirazio iturria izan daiteke. Nik xede hori lortu banuen, zergatik haiek ez? Emakume horiei aukerak ematen badizkiegu, nahi dutena egin dezakete. Baina Afganistanen emakumeok apenas dugun aukerarik, eta oso-oso gutxik dituzte aukera urri batzuk etxetik atera eta nahi dutena egiteko».

Yousoufik erakutsi du txikitasunetik iraultza txikiak egin daitezkeela, eta horregatik, “tren berriaren” esku-frenoari eragin ordez, azeleragailuari indarra emateko prest dago. Urrats bat beste baten aurretik, hori da altxatu berri duen banderaren mezua: «Nire helburua eskalatzen jarraitzea da. Eta bide batez, Ascend erakundeari zein mendia maite eta alpinista izatea nahi duten alpinista horiei laguntzea. Espedizio baten liderra izan nahi dut, ez soilik emakume afganistandarrak zuzentzeko, baita beste herrialdetako emakumeak ere. Argi eta garbi esan nahi dut: gazte afganistandarrei bidea zabaldu nahi diet nahi dutena egin dezaten. Munduko mendi garaienak eskalatu nahi ditut, eta beste herrialde batzuetako alpinistak ezagutu. Nire herrialdeko emakumeei lagunduko dien erakunde bat sortu nahi dut».