Arnaitz GORRITI
KIROLBET BASKONIA

Garaiz iritsi da Dusko Ivanovicenen erreakzioa

Aurreneko laurden eskas bati buelta eman diote gasteiztarrek, Henry, Shields eta Ilimane Diopen bitartez.

KANARIA HANDIA 72

KIROLBET BASKONIA 89


Jokatu dituen ACB Ligako azken hiru neurketak galdu ostean, behar zuen garaipena Kirolbet Baskoniak. Bazuen garaia talde gasteiztarrak garaipena lortzeko! Ez pentsa, ordea, sufritu gabe irabazi zionik Kanaria Handiari, 19-7 galtzen hasi baitzen aurreneko laurdenean.

Alabaina, defentsa gogortu eta Baskonia airean pasatu zitzaion Fotis Katsikarisek zuzentzen duen taldeari. Shavon Shieldsek eutsi zion talde arabarrari une gogorrenetan eta ostean, Pierria Henryk eta Ilimane Diopek bat egitea lortu zutenean, hirugarren laurdenean batik bat, hanka egin zuen Baskoniak. Bazen garaia!

Harritzekoa izan zen Ilimane Diopen bilakaera. Dusko Ivanovicek ez zion segundorik ere eman Fenerbahçeren aurka, «erabaki teknikoa» izan zela adieraziz. Antza, entrenatzaileak Dakarren jaiotako gasteiztarrari mezu garbi bat iritsarazi nahi izan zion. Gran Canaria Arena pabiloian ikusitakoa aintzat hartuta, badirudi 25 urte egiteko dagoen pibotak ulertu duela Montenegroko entrenatzailearen mezua.

Kanaria Handian Ioannis Bourousis Kirolbet Baskoniako jokalari ohia ere hortxe dago, eta oso motibaturik jokatu zuen. Baina Diop eta Fall aurrean jarri zitzaizkionean, pibot greziarrak ez zuen eguzkirik ikusi.

Mugimenduan dago gakoa

Aurreneko 20 minutuetan beti atzetik ibili bazen ere, Baskoniak neurria hartu zion partidari bigarren laurdenean eta atsedenaldira 44-43 atzetik, hau da, partidan murgilduta, iritsi zen.

Gasteiztarren defentsak, atsedenaldiaren ostean, Omar Cook antolatzailearen etorria itxi zuen, eta defentsa zorrozteaz gain, korrika ere egin ahal izan zuen. Pierria Henry, Shields eta Diopi Shengelia eta Nik Stauskas ere batu zitzaizkien, eta 11-25eko partziala erdietsi zuten denen artean. Azken laurdenean aldeari eustea nahikoa izan zen.

«Gure arazoak gugan daude, ez besteengan»

«Hobeto» jokatu arren, «zer hobetu asko» daukala esan zuen Dusko Ivanovicek partida osteko prentsaurrekoan. Nahiz eta ACB Ligara itzuli denetik aurreneko garaipena erdietsi, Bijelo Poljeko entrenatzaileak argi ikusi zuen Baskoniaren gabezia erregulartasun falta dela. «Lehenengo egunetik esan nuen: lehiakor izango bagara, 40 minutuetan egin behar dugu borroka».

«Gure arazoak ez daude aurkariengan, gugan baino», bota zuen gainera. «Defentsako erritmoa handitu dugun unetik aurrera baloiak berreskuratu eta korrika egin ahal izan dugu. Jokatzen utzi diegu aurreneko laurdenean eta, hala, 28 puntu egin dizkigute. Hurrengo hiru laurdenetan asko aldatu dira gauzak, defentsa gogortu dugulako», arrazoitu zuen Montenegrokoak.

Hala ere, autokritikaren ostean diagnosi baikorra egin zuen Ivanovicek. «Falta zaigu oraindik, baina hasieran baino pixka bat hobeto gaude».A. G.