Andoni ARABAOLAZA
Erronka

Aconcaguako gailurrean errekor berria ezarri du Martin Zhor txekiarrak

Lasterkariak 3 ordu eta 38 minutu behar izan zituen oinarrizko kanpalekua eta Amerikako mendi garaienaren tontorra lotzeko. Jardun osoa baieztatu badu ere, ez du ziurtagari ofizialik jaso.

Martin Zhor txekiarrak era honetara aurkezten du bere burua: «Speed alpinism and running athlete». Beste era batera esanda, bere jardun nagusiak abiadurako alpinismoan eta trail lasterketetan oinarritzen ditu. Curriculum luze eta oparoa du. Joan den irailean, adibidez, Suitza, Frantzia eta Italiako mendi garaienak non-stop eran sinatu zituen. 103 kilometro eta 9.700 metroko goranzko desnibela 29 orduan egin zituen.

Iragan abenduaren 27an, berriz, errekor berria ezarri zuen Aconcaguako gailurrean (6.962 m). Plaza de Mulas izeneko kanpalekutik irten zen, eta Amerikako gailur garaienaren tontorrera 3 ordu eta 38 minutuan heldu zen. Era horretan aurreko errekorra bi minutuan hobetu du. Gogora dezagun 2.000 urtean Bruno Brunod, Fabio Meraldi eta Jean Pellisier italiarrek honako kronoa egin zutela: 3 ordu, 40 minutu eta 20 segundo.

Txekiarrak, denera, errekor berri horrentzat hiru ekinaldi behar izan zituen. Ondo baino hobeto prestatu zen, eta horretarako Aconcaguaren tontorra hiru alditan zapaldu zuen. Kontuan hartu behar da ere, erronka horren aurretik txekiarrak ez zuela 5.500 metroko kota gainditu.

«Muturrekoa izan da»

Abenduaren amaieran egin zuen igoeraren inguruan txekiarrak honakoa azaldu du: «Baldintza egokietan jardun nuen. Eguraldia baretu zen, eta apenas egiten zuen haizerik. Lau ordutik jaisteko itxaropena nuen. La Cuevara (6.600 m) hiru ordu eta hamar minutuan heldu nintzen. Azken 400 metroak ordu erdian egiteko aukera ikusi eta den-dena eman nuen. Gogoan nuen nire bigarren saiakeran sekzio berean 80 minutu egin nituela. Gailurrera iristeko 50 metro falta zirela, arrastaka ibili nintzen. Giharrak leher eginda nituen. Baina helburua erdietsi nuen. Tontorrean erdi hilik nengoen. 20 minutu igaro nituen nire onera etortzeko».

Erabilitako arropa eta zapatilei dagokienez, Zhor-ek adierazi zuen oso arin joan zela: «Bigarren saiakeran 6.600 metrora zapatilak kendu eta botak jarri nituen. Hirugarrenean arriskatu nintzen, eta jardun osoa traileko zapatilekin egin nuen. Badakit erabaki hori ez dela batere zuhurra, baina nire aktibitateak ardura handiz planifikatzen ditut».

Bestalde, txekiarrak errekor berria ezarri badu ere eta jardun guztia baieztatzeko lekukoak baditu ere, Aconcaguako Parkearen guardek ez diote ziurtagiri ofiziala eman.