Nagore BELASTEGI

Sorginen beldur zen sorginaren istorioa, Marie de Jongh-en eskutik

Familiei zuzendutako «Ikimilikiliklik» antzezlana estreinatuko du Marie de Jongh konpainiak gaur eta bihar Arriaga antzokian. 7 urtetik aurrerako umeentzako ikuskizuna bada ere, helduek ere gozatu dezaten prestatu dute. Orain arte konpainiak antzerki mutua landu duen arren, zazpigarrena duen antzezlan honetan hitza erabiltzea erabaki dute, istorioak hala eskatzen zuelako. Dantza ere gehitu dute, eta lehen aldiz haur aktoreekin egingo dute lan.

Marie de Jongh antzerki konpainiak “Ikimilikiliklik” familientzako ikuskizun berria aurkeztuko du gaur eta bihar Bilboko Arriaga antzokian, Gelatxoak programaren baitan. Taldearen zazpigarren lana da, eta hitzak erabiltzen dituzten lehena. Orain arte antzezlan mutuak sortu izan dituzte eta, azken bietan gainera, maskarak erabili dituzte. Oraingoan hitzak erabiltzea erabaki dute istorioak hala eskatzen zuelako, Jokin Oregi zuzendariak azaldu digunez.

Beldurrei eta bakardadeari buruzko istorioa kontatzen zaigu heldu egin den emakume baten ikuspuntutik, baina haurtzarora begira jarriz. Ekhi da protagonista. «Ekhi helduak kontatzen digu nola ume zela beldurrez josita zegoen, eta batzuk zerrendatzen ditu, baina horien artean handiena sorginaren figura zen. Mendi tontor bateko etxola bakarti batean bizi diren emakume isolatu eta maltzurrak», esan digu.

Istorioak aurrera egiten duen heinean konturatzen gara bera ere “sorgin” bihurtu dela. Ikusten dugu nola onartzen duen bizitzan hartu duen hautua umetatik laguna duen armiarma bat babestearren. «Beldur batzuk esplizituki aipatzen dira, baina beste batzuk inplizituak dira. Ekhi umezurtza da eta bakardadearen mamu hori hor dago. Isolatuta gelditzen da mendiko etxe batean babes hartzen duelako. Azkenean esaten du ez dakiela sorginen beldur zen edo haien bakardadearen beldur», adierazi zuen zuzendariak.

Oregi beste konpainia batzuetan ibilia da. Adibidez, Tartean Teatroko kide ere bada, eta bertan hitza erabiltzen dute. Halere, lantaldeko batzuentzat hitza erabiltzen zuten lehen aldia da eta prozesua interesgarria izan dela deritzo. Orain arte erabili duten keinu bidezko antzerkiari buruz esan zigun isiltasunak antzerkiak berak duen «artifiziosidadea» areagotu egiten duela, eta giroa poetika berezi batekin janzten dela. «Zeri ematen diogu garrantzia, esaten denari edo egiten denari?», esan du, adieraziz egiten dugunarekin askoz gehiago esaten dugula esaten dugunarekin baino.

“Ikimilikiliklik” antzezlanean hitza erabiltzen duten arren, Marie de Jonghen adierazgarriak diren gainerako elementuak ez dira faltako. Izan ere, mimo handiz prestatzen dute ikuskizun bakoitza. «Guk beti esaten dugu egiten dugula antzerki heldua umeentzat, eta ume antzerkia helduentzat. Kasu honetan ipuintxo baten itxura duenez haurrei zuzendutakoa dela esan dezakegu –7 urtetik aurrera–, baina helduek ikusteko modukoa bada, noski. Beti saiatzen gara ganorazko obrak egiten», azaldu zuen.

Umeak ez dira antzerkira bakarrik joaten, helduekin baizik, beraz helduek ere gozatzeko moduko obrak egin ohi dituzte. «Ni herri txiki batekoa naiz, Soraluzekoa, eta herrietako ohitura da haur eta helduak guztiak batera ekintza kulturaletara joatea. Horrek gizartearen parte izatearen sentipena ematen du. Ez zaigu asko gustatzen obrak enkapsulatzea. Beti saiatu gara heldu zein haurrak txunditzea eta hunkitzea. Gure helburua da umeak alboan duen heldua ere haurrentzat den produktua gozatzen ari dela ikustea».

Berrikuntzak

Antzezlan mutuetatik hitza erabiltzera pasatzea ez da Marie de Jonghek egindako berrikuntza bakarra. Dantza ere sartu dute ikuskizunean, armiarmaren figurarekin –Maitane Sarralde–. Gainera, Ekhi haurraren papera egiteko bi gaztetxo igoko dituzte taula gainera, Juana Palacios eta Leire Omeñaca. Ekhi heldua, berriz, Ana Meabek eta Aiora Sedanok gorpuztuko dute.

Arriagan hasiko duten ibilbidea Euskal Herri osora zabalduko da laster. Agenda betetzen ari dira pixkanaka eta jada 25 emanaldi inguru dituzte lotuta: urtarrilaren 26a Leioan, otsailaren 1ean Hondarribian, otsailaren 2an Donostian, otsailaren 8an Lasarten, otsailaren 9an Pasaian, gero Hernani, Santurtzi, Bergara, Eibar, Elorrio, Berriz, Galdakao... «leku askotan arituko gara, baina oraindik emanaldi asko behar dira egindako inbertsioari buelta emateko. Zerbait argi badugu da gure lanek exijentzia gorena izan behar dutela», argitu digu Oregik. Lan handia egin dute obra aurrera ateratzeko eta, horregatik, ahalik eta herri gehienetara iritsi nahi dute.