Alfontso DIEZ

Alarma gorriaren aurrean, Sukar Horia

Klima larrialdiaren eta krisi ekologikoaren karietara sortutako taldea da Sukar Horia, krisi ekologikoaren inguruko «kontzientzia zabaldu eta alternatibak proposatzea» helburu duena. Muskizen egin zuten, atzo, taldearen aurkezpena, Petronor findegiaren aurrean. «Euskal Herriko enpresa kutsatzaileena den eta EAEko CO2 isurien %11ren erantzulea den Petronorrera gatoz Sukar Horia kolektiboaren aurkezpen publikoa egitera», adierazi zuten. Orain hilabete pasatxo Madrilen egindako klimari buruzko goi-bilerak «elite politiko eta ekonomikoen arduragabekeria» agerian utzi duela salatu zuten eta, era berean, Lakuari eskatu zioten klima larrialdiaren aurrean neurriak hartzeko: «Hitz ponpoxoetatik harago, politika publiko zehatz eta eraginkorrak martxan jartzea beharrezkoa dela deritzogu». Plataforma ezagutzera ematearekin batera, urtarrilaren 30ean egingo den greba orokorrarekin bat egingo dutela iragarri zuten, «ingurumena eta bizitza erdigunean jarriko dituen gizarte eredu baterantz aurrerapausoa izango delakoan».