GARA
DONOSTIA

Satorralaiak elkarretaratzea egin du legebiltzarkideen bisitaren aurrean

Satorralaia taldeak elkarretaratzea egin zuen atzo goizean Gasteizko Legebiltzarreko Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Batzordeko parlamentariek Donostiako metroaren obrara egin zuten bisitaren aurrean.

“Un metro en Donostia ¿para qué? Behargabekoa-Xahutzailea-Inposatua” zioen pankartarekin eta metroaren aurkako aterki horiekin egin zuten protesta Pio Barojako obragunean.

Satorralaiak salatu zuenez, metroaren pasantea «arrazoigabekeriaren bidetik doa aurrera». Izan ere, Donostian lur azpiko metro bat eraikitzea «xahuketa ekonomiko itzela» dela kritikatu zuen, eta Lakuak aurtengo aurrekontuetan obrarako 40 milioi eurotik gorako partida bat bideratzen duela gaineratu zuten.

«Egitasmo honek ez du justifikaziorik hiriko mugikortasunaren hobekuntzaren ikuspegitik, Dbus kaltetuko duelako batez ere, autoen trafikoa apenas gutxitu gabe», nabarmendu zuten Satorralaiako bizilagunek.

«Ke-gortina bat»

Atzo parlamentariek obrara egin zuten bisita hori, gainera, bizilagunen mugimendu honek metroaren egitasmoan atzemandako irregulartasun larrien berri emateko joan den abenduaren 11n Gasteizko Parlamentuko Azpiegitura Batzordean egindako agerraldiari ETSk ematen dion erantzuna dela kritikatu zuten, hain zuzen ere «irregulartasun larri horien gainean ke-gortina bat bota asmoz».