GARA
donostia

Emakume zientzialarien lana erdigunera eramango dute astebetez Donostian

Otsailaren 7tik 14ra «Emakumeak Zientzian 2020» jardunaldiak egingo dira Donostian. Ekimenaren helburuetako bat zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea da.

CIC Nanogune ikerketa-zentroa, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC Biomagune, Donostia International Physics Center (DIPC), Biodonostia, Tecnun-Ingeniari Eskola, Ceit, Polymat eta Elhuyar erakundeek zientzia-programazio bateratua aurkeztu dute, otsailaren 11n mundu osoan Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna dela eta.

Donostian, otsailaren 7tik 14ra, egingo dira “Emakumeak Zientzian 2020” jardunaldiak. Ekimenaren helburua zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea da, eta era berean jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua diren ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientzia ikasketak hauta ditzaten sustatzea.

Otsailaren 7an hasiko dira ekintzak “Zientzia bada nesken kontua” tailerrarekin, arratsaldeko 16.00etan, CIC Nanogunean. Zentro horretako eta Polymat-eko ikertzaileek gidatuta, 14 eta 18 urteko nerabeek «zientzialari izateko aukera izango dute egun batez»; baita ikerketa-talde bateko kide izatekoa ere, nanozientziaren mundua ezagutzeko esperimentu batean parte hartuz.

19.00etan, Euskal Herriko eta gaur egungo sei emakume izango dira hizlari Victoria Eugenia antzokiko Club aretoan, “Zientzialariak, atzo eta gaur” ekimenean. Beren lanak aurkeztuko dituzte, baita iraganean aitzindari izan diren emakume zientzialariak omendu ere, zenbaitetan «ahaztuak» izan direnak.

Hilaren 8an familien txanda izango da. Ibaetako EHUren campusean familientzako ginkana bat egingo da. Ibaetako campusean ezkutatuta egongo diren proba guztiak gainditu beharko dituzte taldeek.

Otsailaren 10ean, Tecnun eta Ceit-en egingo den “Ingeniari izatera jolasten” tailerrean, 12 eta 16 urte bitarteko nerabeek hartuko dute parte. Formula Student taldeko ingeniaritza-ikasleek automobilgintza-tailer praktiko bat emango dute eta ingeniaritzako lan-arlo guztiak simulatuko dituzte: prototipoen diseinua, piezen fabrikazioa, muntaketa eta banaketa.

Eskola-taldeak

Hurrengo egunean, Lehen Hezkuntzako eta batxilergoko zenbait eskola-taldek bisitak egin ahal izango dituzte. Bisitatuko dituzten zentroetako ikertzaileek hainbat jarduera eta erakusketa zientifiko egingo dituzte, emakumeek historian zehar zientzian izan duten zeregina nabarmentzeko.

Bestalde, “Amona’s Power” jarduera landuko da beste urte batez, zientziaren kulturan emakume helduek duten irudia goratzeko. Otsailaren 13an, 55 urtetik gorako emakumeek aukera izango dute gure ikerketa-zentroetako nazioarteko ikerketaren mundua ezagutzeko.

Azkenik, zientzia-komunitateari zuzendutako mahai-ingurua antolatu dute: “Berdintasuna zientzian: esperientziak eta etorkizuna”. Berdintasuna izango da aztergai, eta mundu akademikoan zein ikerketa eta enpresaren munduan diharduten emakume profesional eta zientzialari nabarmenak izango dira bertan. Mahai-inguruak bizipenak eta zirrarak modu lasaian partekatzeko gune bat eskaini nahi du. Ingelesez izango da, EHUko Carlos Santamaria Zentroan, otsailaren 14an, ostirala, 12.00etan.