GARA
BILBO

BIdeOtik-ek deialdi publikoko lanak erakutsiko ditu lehen aldiz

Otsailaren 4an hasiko da Alondegiko Golem zinemetan BIdeOtik programa. Guztira 14 film proiektatuko dira, esperientzia pertsonalak eta biografiak agertzen dituztenak. Zortzi astean erakutsiko dira guztiak eta egile bakoitzak bere lana jendaurrean azalduko du.

Alondegiak bideo-sorkuntzako BIdeOtik programa aurkeztuko du otsailaren 4tik martxoaren 25era bitartean Golem zinemetan. Aurtengo edizioa astearte honetan hasiko da hiru dokumentalekin: Raul De La Fuenteren “Woman”; Natxo Leuzaren “Born In Gambia”eta Victor Suarez Ballesterosen “Brothers in Syria”. Jaialdia martxoaren 25ean amaituko da Oskar Alegriaren “Zumiriki” dokumental txalotuaren EAE mailako estreinaldiarekin. Azken honek Veneziako Mostran arrakasta handia izan zuen.

BIdeOtik programak aurtengo edizioan eboluzionatzen jarraitzen du eta, oraingoan, lehendabiziko aldiz erakutsiko diren 14 filmetatik batzuk deialdi publiko baten bidez hautatutakoak izango dira.

2019ko urriaren 25etik abenduaren 22ra bitartean, bertako eta nazioarteko artista eta bideo-sortzaileek 300 proiektu baino gehiago aurkeztu zituzten eta horien artean hautatu dituzte astez aste zortzi saiotan proiektatuko diren lanetako batzuk.

Otsailaren 4ko hasieraren ostean, bigarren saioa otsailaren 11n izango da. Caroline Reucker-en “Le Ciel, la Terre et l’Home” dokumentala ikusi ahalko da. Otsailaren 18an Laura Garciaren “(M)otherhood” proiektatuko dute; 25ean, Jorge Moneoren “Orbainak” eta Oier Fuentesen “Gogor atzea” eta “Azken saskia”; martxoaren 3an, Clara Sanzen “Andrómedas”; 10ean, Marc Serenaren “El escritor de un país sin librerías”; 17an, Nucbeade Kolektiboaren “Una dedicatoria a lo bestia”, Celia Dosal eta Roxana Popelkaren “Capas” eta Maria Maneroren “Patchwork”. Esan bezala, programa Oskar Alegriaren lanarekin amaituko da. Sarrerak 3-4 euroan daude salgai Alondegian zein Golem zinemen webgunean.

Hautaketarako irizpideak

Antolatzaileen ustez, espazio honek hartzen dituen sorkuntza-lanek izaera berezia dute, ikus-entzunezkoen lexikoak barne hartzen dituen bestelako moldeekin konparatuz. Hori dela eta, lanak hautatzeko garaian bereziki kontuan hartu dituzte 2017az geroztikoak eta gai errealak lantzen dituztenak: esperientzia pertsonalak, biografiak eta bizi istorioak agertzen dituztenak.

Programa honen helburua ikus-entzunezko arte eta kultura sorkuntza bistaratzea da, kultura eta gizarte mailan sortzeko, gogoeta egiteko eta eraldatzeko tresna gisa.

Horrenbestez, ikus-entzunezko sorkuntza eta gizartea elkarrekin lotzeko espazio gisa aurkezten dituzte saio hauek Alondegiko Golem zinemetan; egile bakoitzak bere pieza aurkeztuko du, eta bere proiektua gauzatzeko prozesua partekatuko du ikusleekin.