Animearen industria, streamingak suspertua

Hainbat hamarkadatan zehar “Dragoi bola”, “Doraemon” edo “Sin Chan” bezalako telesailekin ikusle belaunaldi osoak liluratu ondoren, Japoniako animazioak streaming plataformetan inoiz baino ikusle gehiagorengana iristeko bide bikaina aurkitu du, hain justu bere negozio eredua zalantzan zegoenean. Atzerrira saldutako ekoizpen bakan batzuk salbu, Japoniako merkatutik bizi izan da tradizionalki animea, baina XXI. mendeko lehen hamarkadaren hasieran, fakturazioak beheranzko joera hartu zuen, herrialdean izandako gainbehera demografikoaren eta telebistaren eta etxeko bideoaren (VHS, DVD...) bidezko diru-sarreren beherakadaren ondorioz. Izan ere, anime telesail bat sortzeak denbora eta diru asko eskatzen du: 13 ataleko denboraldi baterako, batez beste, 200 milioi yen (1,6 milioi euro) inguru behar direla dio Ryusuke Hikawa adituak. Telebista-emisioen eta formatu fisikoen salmentaren beherakadak kolokan utzi zuen negozioa, harik eta 2010etik aurrera ustekabeko aldaketa bat jazo zen arte. Haren eragile nagusia hau izan zen: streaming plataforma bidez Txinan eta beste herrialde askotan edukiak zabaltzeko eskaera gero eta handiagoa. Era berean, plataforma horiek egindako apustu sendoak domino efektua eragin zuen ikus-entzunezko munduko enpresa erraldoien artean eta sektorean inbertitzeko urratsa egin dute. Etorkizunari, beraz, oso bestelako moduan begiratzen diote orain.