Nagore BELASTEGI MARTIN
EMAKUMEAK ZIENTZIAN 2020

NESKA IZENA DUTEN KIMIKARI, BIOLOGO, FISIKARI ETA INGENIARIAK

EMAKUMEOK NAHI DUGUNA IKASI ETA NAHI DUGUN ARLOAN LAN EGIN AHAL IZATEAK EZ DU ESAN NAHI BERDINTASUNA DAGOENIK, NAHIZ ETA GIZARTEAREN PARTE BATEK USTE DUEN PROTESTARAKO ARRAZOIRIK EZ DAGOELA. ZIENTZIAREN ARLOAN ERE ARRAKALAK DAUDE, ETA HORRI BURUZKO GOGOETA EGIN ZUTEN ATZO ZIENTZIALARIEK DONOSTIAN.

Rosie errematxatzailearen irudi indartsua erabili zuten “Berdintasuna zientzian: esperientziak eta etorkizuna” mahai-ingururako, “Emakumeak Zientzian 2020” jardunaldiei amaiera eman zien ekitaldian. Bertan zientzia arloan lan egiten duten bost emakume euren esperientziaren inguruan mintzatu ziren, egungo egoera aztertuz eta benetako berdintasunera heltzeko zer egin dezakegun proposatzeko, Itziar Otegui jardunaldien koordinatzaileak eta nanoGUNEko komunikazio arduradunak moderatuta.

Mahai-ingurura honako hizlariak gonbidatu zituzten: Xana Belastegi, produktu bioteknologikoak garatzen dituen Idem Biotechnology erakundeko negozio zuzendaria; Naëmi Leo, Marie Sklodowska Curie doktoratu ondoko ikertzailea CIC nanoGUNEn eta material magnetikoak eta nanoegiturak ikertzen dituena; Concha Monje Micharet, Industria Ingeniaritzako doktorea eta Carlos III.a Unibertsitateko irakaslea; Maria Paulis, Polymat-eko ikertzailea eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea; eta Idoia Otxoa, Tecnun-Nafarroako Unibertsitateko Ingeniari Eskolan irakaslea.

Unescoren arabera, munduan zientzia arloko goi mailako hezkuntzako ikasleen heren bat baino ez dira emakumeak. Datu horiek lan eta ikerketa munduan islatzen dira. Zenbakiak antzekoak dira Europan, Estatu espainolean eta Euskal Herrian.

Gonbidatuen esperientzia pertsonala ona izan da orokorrean, inoiz ez baitzituen inork baldintzatu ikasketak aukeratzeko orduan. Horren aurrean, nahi zutena ikastera animatu zituzten beti beren gurasoek. «Nire gurasoek zer ikasi behar nuen esateko zain nengoen, baina nire bizitza zela eta nahi nuena egiteko esan zidaten. Zientzia-jolas bat nuen eta oso gustuko nuen. Kimika ikastea erabaki nuen», zioen Paulisek.

Otxoari betidanik interesatu izan zaizkio matematikak eta ordenagailuek nola funtzionatzen duten. Hori dela eta, Telekomunikazio Ingeniaritza hautatu zuen. Monjek ere ingeniaritzaren aldeko apustua egin zuen. «Nire aita Elektronikako irakaslea zen eta zientzietara jotzea naturala izan zen niretzat», kontatu zuen.

Leoren kasua oso bestelakoa izan zen. Artista familia batetik datorren arren, berak zientzia mota guztiak zituen gustuko. Azkenean Fisikara jo zuen. Azkenik, Belastegik esan zuen bere amak hizkuntza arloan egiten zuela lan, baina berarekin gauzak eraikitzera jolasten zela askotan. Mugarik ez zion ezarri eta Biologia ikastea erabaki zuenean inork ez zuen bere asmoa zapuztu.

Egun bostek dute ibilbide arrakastatsua zientzietako arlo desberdinetan eta esan dezakegu egungo haur eta gaztetxoentzat eredugarriak direla. Izan ere, emakume zientzialari erreferenteak egoteari garrantzia ematen diote. «Aurreko batean kirol denda baten erakusleihoari begira gelditu nintzen. Emakumeak agertzen ziren saskibaloian jokatzen edo eskalatzen. Txikikeria dirudien arren, garrantzitsua da, nik ere gauza horiek egin ditzakedala adierazten duelako», azpimarratu zuen Otxoak.

Euren kasua «erraza» izan dela onartzen badute ere, badakite beti ez dela hala gertatzen eta neskak zein mutilak baldintzatuak sentitzen direla txikitatik. Estereotipo batzuk aipatu zituzten, «neskak hobeak dira zientziarekin zerikusirik ez duten arloetan», edo «zientziaren eremua beraientzat lehiakorregia da», eta hori guztia gezurra dela azpimarratu zuten hizlariek, pertsona guztiak desberdinak garelako. Gauzak aldatzeko lehen pausoa alabei zientziarako aukera ere zabalik dutela erakustea eta estereotipo atzerakoien kontra egitea dela uste dute.

Zaintzaile rola irauliz

Lan ibilbidea mendi batera igotzea bada, emakume zientzialarientzat tarteka lokatzez betetako ginkana bat bezalakoa da. Traba ugari aurkitzen dituzte bidean, eta aurrera egitea gero eta zailagoa da akademikoki zenbat eta urrunago joan. Unibertsitatean STEM ikasketak egiten dituzten gizonak emakumeak baino gehiago dira, baina arloaren arabera asko aldatzen da (Biologian emakumeak gehiago dira, Kimikan, Matematikan eta Geografian ehunekoak antzerakoak dira, baina Fisika eta Ingeniaritzan oso emakume gutxi daude); mailan gora egin ahala, gero eta emakume gutxiago ageri dira sektore guztietan.

Hori zergatik gertatzen den aztertu zuten ikertzaileek. Adibidez, amatasunak –edota bestelako zaintza lanak– emakumeen ibilbide profesionalean izan dezakeen eragina aipatu zuten, baita goi karguetan lehiatzeko emakumeen promozio eskasa ere.

«Seme-alabak izateko planak badituzu, ondo pentsatu behar duzu ardura handiko kargu batengatik lehiatzen hasi aurretik. Nire enpresan baby-boom bat egon zen eta ez zen arazorik egon. Nik egin nahi nuena aukeratzeko askatasuna izan nuen, baina badakit denak ez daudela egoera berdinean», esan zuen Belastegik, eta gaixo egoteagatik baja hartzea edo ama zarelako baimena hartzea desberdin ikusten direla gehitu zuen.

«Nik ez dut diskriminaziorik sentitu, baina ama izan nintzenean eszeptizismoa nabaritu nuen emakume zein gizonen aldetik», kontatu zuen Paulisek. Era berean, azpimarratu zuen zein garrantzitsua den gizonek ere aitatasun baimena hartzea. Modu horretan ezin izango zen emakumeen kontrako aitzakia bezala erabili eta edozein langileren ibilbide profesionalean normalizatuko litzateke.

Monjeren ustez, «goi mailako karguek denbora asko eskatzen dizute eta konplikatua da familia baduzu», eta horren errua emakumeek duten «zaintzaile rolarena» da. «Gaizki sentitzen zara seme-alabekin egon behar duzulako artikulu bat idazten egon beharrean», aipatu zuen. Horren aurrean, moderatzaileak gizonek ere berdina sentitzen ote duten galdetu zuen. «Guztiz kulturala da. Uste dut gizonak konturatzen ari direla euren eskubidea ere badela; familiarekin egotea ez da nire betebeharra, nik nahi dudan zerbait baizik», ondorioztatu zuen Belastegik bere ingurua aztertu ondoren.

Itziar Oteguik ere ekarpena egin zuen horri buruz: «Iruditzen zait batzuetan gizonek ondo ikusten dutela iraultza hau eta aldaketaren parte izan nahi dutela, baina beste batzuk oso eroso daudela pribilegioak eskaintzen dizkien sistemarekin».

Pixkanaka gauzak aldatu

Oraindik aldatu beharreko gauza asko daudela uste badute ere, gizarte osoan baina zientzia arloan zehazki, hizlariak baikor agertu ziren. Beraiek uste dute pixkanaka gauzak aldatzen ari direla; jabetzen dira, ordea, gizartearen parte batek uste duela ez dagoela zer aldatu, berdintasuna jada lortua dela, alegia. Eta desparekotasuna ukatzen duten horien artean emakume ugari ere badaudela salatu zuten.

Horren aurrean, egunerokotasunean pauso txikiak ematearen garrantzia azpimarratu zuten. Bakoitzak inguruan duen jendearengan eragin dezake, parekidetasunaren aldeko emakume zein gizonekin lankidetzan.