Alfontso DIEZ

Mendeak, basoetako degradazioa gainditzeko

BC3 klima aldaketarako euskal zentroko eta EHUko ikertzaileek egiaztatu dute ekosistema degradatu bat osorik berreskuratzeko prozesuak mendeak iraun dezakeela. “Ecosistemas” aldizkari zientifikoan argitara eman duten ondorio horretara iristeko, Artikutzako (Goizueta) pagadia aztertu dute. Meatzaritza jarduna eten zenetik 140 urte igaro badira ere –ordutik ez da egon giza jarduerarik eta Babes Bereziko Gunea da–, oraindik ez da guztiz berreskuratu. Lehen begi kolpean zuhaitz eta landare asko dituen baso bat leheneratuta eman dezakeela agerian uzten du ikerketak, baina argitzen du zuhaitzek, onddoek eta bestelako espezieek elkarri eragin behar diotela, «eta horrek mende asko behar izan ditzake». Egileetako batek, Asun Rodriguezek, azaldu zuenez, giza inpaktu baten –errepideak edo urbanizazioak eraikitzea, esaterako– osteko konpentsazio neurriek «egungoak baino zorrotzagoak izan beharko lukete», ekosistemaren erabateko berreskuratzea, normalean pentsatu ohi denaren kontra, ez delako hamarkada gutxi batzuetako kontua.