Fernando Mijangos
Kimikan doktorea
KOLABORAZIOA

Sekula ez da berandu

Sarri pentsatu ohi dugu jarrerak aldatzeko beranduegi dela, bai norberak eman beharko lukeen erantzunean bai instituzioek bultzatu beharko lituzketen neurri eraginkorretan. Nik ere sinatuko nuke hori, baina hezkuntzak gizartean dituen eraginez konturatu naizenez, adibide xume bat zuekin irakurleok konpartitu nahiko nuke sekula ez dela berandu ondorioztatzeko.

Aurreko larunbatean oso euritsua izan genuen goizaldea. Zaparrada galantak jasan behar izan genituen orri informatibo bat banatzen egon ginen Getxoko EH Bilduren taldeko kideok, aldaketa klimatikoan hondakinen kudeaketak eta tratamenduak duten eragina eta ondorioak azaltzeko. Harrigarria da orri horretan agertzen den datua; getxoztarrok hondakin organikoak selektiboki bildu eta konpostatuko bagenitu, 500.000 kilo karbono dioxido atmosferara bidaltzea ekidingo genuke. Urrats txikitxoa izan daiteke edo handia guztiok parte hartuko bagenu.

Horregatik, norberak atmosferara botatzen duen gas karboniko kantitatea murriztu ahal izateko, EH Bilduk Getxon proposatu du hondakin organikoaren bilketa selektiboa gako dela 2020. urterako hondakinen %40 birziklatzea lortzeko. Ez, ez da erronka makala, lortezina iruditu arren, larunbatean egon ginen orri informatiboa banatzen, eta, halaber, hondakin organikoaren kontainerra erabiltzeko eskaera orria zabaltzen. Sekula ez da berandu. Gaur egun getxoztarren %10 baino gutxiago ari gara hondakin organikoak kontainer marroian botatzen, oso kopuru baxua dena egia bada guztiok oso kezkatuta gaudela aldaketa klimatikoarekin. Nola eragin horretan?

Etxeko hondakin organikoak erabat konpostagarriak dira; lauzpabost hilabeteko prozesu aerobiko baten bitartez konposta bihurtu daitezke. Prozesu naturala da, berezkoa, eta ez du karbono dioxidorik atmosferara botatzen. Azpiegitura txiki eta merkea behar du, lur azalera txikia, eta prozesu garbia da. Gaur egun ondo teknifikatuta dagoen instalazio bat besterik ez da behar. Orduan, zergatik Bizkaiko Foru Aldundiak ez du tokian tokiko konposta plantak zabaltzeko neurri eraginkorra hartzen? Sekula ez da berandu.

Getxoko Udaletik ez badute aurrerapausorik ematen kontzientziazioa zabaltzeko eta ez badute hondakin organikoen bilketa selektiboaren alde kanpaina sustatu nahi, ba guk, Getxoko EH Bilduko kideok, gure aldetik jarraituko dugu orri informatiboaren ale gehiago banatzen. Larunbat horretan herritarrek hogei bat eskaera berri egitea lortu genuen. Gutxi agian? Bada, Udalean hilabete batean egiten dituztenak beste. Urrats txiki bat egin dugu eta espero dugu udal gobernutik ildo beretik bultzatzea auzia.

Azkenik, eskerrak eman euripean orri informatiboa jasotzera hurbildu zirenei; askok esaten zuten eurek aspaldi etxean hondakinak bereizten zituztela, beste batzuek hori egin nahi zutela baina ez zeukatela etxetik hurbil non bota hondakin organikoak, beste batzuek Udalean egingo zutela eskaera... Esandakoa, eskerrik asko hondakin organikoak selektiboki biltzen dituzten guztiei, karbono dioxido gutxiago botatzen baitugu atmosferara horri esker. Instituzioek aldaketa klimatikoren aurrean dokumentu bat sinatu dute. Noiz jarriko dute indarrean? Noizko neurri eraginkorrak?