Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

«Zumiriki»

Oskar Alegriaren “Zumiriki” dokumentala ikusteko aukera izan nuen asteburuan. Esperientzia bitxia izan zen: espektatiba handiekin eseri nintzen, gauza eder bat ikusteko asmoz baina, hala ere, filmak abrumatu egin ninduen. Ez dakit zineman inoiz hori gertatu zaidan; dibertitu bai, izutu ere bai, hunkitu eta aspertu askotan... baina abrumatu? Akaso, “La grande bellezza”-rekin (Paolo Sorrentino, 2013) gertatu zitzaidan; ez dakit, jada ez dut oroitzen. Haurtzaroan aitak filmatutako irudietatik abiatuta, irudimenez, delikatuki, umorez, istorio stevensonianoa eraikitzen du Alegriak. Haurtzaroko paraje urperatuetan egindako hainbat hilabeteko egonaldia erakusten digu, orduko irrikaz, orduko inozentziaz. Han bakartuta egonik, desagertzearen ideiaz dihardu, edo desagertzearen tentazio unibertsalaz: zer litzateke bizitza, hemen izanik han bagina, galdurik, harremanik gabe? Naufragoek bezala, mezuak sartuko al genituzke botiletan, erantzungo gintuzketen kezka handirik izan gabe? Une dibertigarriz betetako film kontenplatiboa da, eta ez da kontraesana; lasaia da erritmoa, baina ez dizu erortzen uzten, ideiatik ideiara eramaten zaitu korronte hipnotiko batean murgildurik. Ezin da gehiago egin hain gutxirekin. Benetan film gogoangarria, askea: geure zineman dagoen jenio handiena da Alegria.